Aernnovako lan gatazka geroz eta gehiago berotzen ari da. Gaur langileen ordezkariek hartu dute hitza, lehen aldiz konpainiak Toledon (Espainia) 145 lanpostu sortu nahi dituela ezagutu zenetik; izan ere, aldi berean Berantevillako (Araba) Aernnova Aeroestructuras lantegitik 133 langile botatzeko dosierra aurkeztu du.
"Maula bat" iruditzen zaie sindikatuei lantaldearen ia laurdena erregulazio dosier baten bidez botatzeko asmoa. "Ez dago arrazoi ekonomikorik, ez produkzio arrazoirik, egin nahi duten basakeria justifikatzeko", azpimarratu du Juan Carlos Gomez langile batzordeko presidente eta ELAko ordezkariak. Arabako eta Euskal Herriko gizartea "mespretxuz" tratatzea leporatu dio zuzendaritzari.
Jaurlaritzaren jokabideari buruz ere mintzatu da Gomez. Arantza Tapia oso haserre agertu zen atzo enpresarekin. Gobernuari "ateak ixtea" egotzi zion, eta ez dutela "xantaiarik onartuko" ohartarazi zuen. Tapiari eta Jaurlaritzari "zaplastekoa" eman arte ezikusiarena egin izana gaitzetsi dute langileen ordezkariek. "Enpresak esaten zien faltsua zela lan zamaren falta, baina geuk bagenekien zer gertatzen ari zen, eta hala esan genien".
Aernnovako sindikatuen arabera, enpresak 100 milioi baino gehiago eskuratu ditu diru laguntza publikoetan, Gamesa Aeronauticaren bidez Araban sektorea egituratzen hasi zenetik. Azken bost urteotan hamar milioi inguru jaso dituela kalkulatu dute. Gauzak horrela, mezu argia helazari diete administrazio ezbedinei. "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da".
Gamesa Aeronauticaren oinordekoa da Aernnova. Araban hegazkinentzako piezak muntatzen eta diseinatzen ditu. Hala ere, produkzioko lana geroz eta txikiagoa da. 1.800 langile izatera iritsi ziren garai batean, eta gaur egun 580 geratzen dira.
Dosierra, martxan
Kaleratzeak egiteko prozedura ofizialari ekin dio enpresak jada. Lan Ikuskaritzak eskaerari buruzko iritzia eman beharko du, eta txosten horrek kaleratzeen aurkakoa izan behar duela uste du langile batzordeak. "Milioi askoko etekinak eta lan zama geroz eta handigo bat izanda bota nahi gaituzte", Gomezen aburuz. Lan erreformaren ondorioz, administrazioaren aurretiazko baimena ez da beharrezkoa kaleratzeak egin ahal izateko. Haatik, ondoren auzitegian egon daitezkeen helegiteetara begira mesedegarria da txostena kaleratzeen aurkakoa izatea.
Hilabeteko epea ireki da zuzendaritzaren eta langileen artean kaleratzeei buruz negoziatzeko. Tarte horretan negoziazioak "fede onez" egin behar direla dio legeak, baina enpresak ez duela horretarako borondaterik salatu dute sindikatuek. "Uko egin dio edozein alternatibari buruz hitz egiteari. Ez du ezer aztertu nahi", azaldu du Gomezek.
Enpresak oraingoz eskaini duen bakarra diruz lagundutako kaleratzeak dira —zein langile zuzendaritzak erabakita—, eta lekualdatzeak: sei bakarrik Araban, eta 52 Espainian dauden beste lantegi batzuetan. Halaber, lan baldintzak murriztea exijitu die —besteak beste, soldatak %10 jaistea eta urtean 145 lan ordu gehiago sartzea—, eta, uko eginez gero, hiru urtetan lantaldea erdira jaistea posible dela mehatxatu die.
Hainbat hedabidetan argitaratu zuen publizitatean Aeroestructuras lantegiko beharginei "garestiak" izatea egotzi zien enpresak. Batez beste, muntaketa alorreko langile batek 30.000 eurotik gora kobratzen dituela ziurtatu zuen. Langileko ordezkariek euren kalkuluak egin dituzte, eta enpresari gezurretan aritzea leporatu diote. Batez besteko soldata 25.000 euro ingurutan dagoela esan dute, zuzendaritza karguetako ordainak alde batera utzita.
Mobilizazioak abian
Astelehenetan eta ostegunetan bilduko dira langileak eta enpresa. Hasiera batean, abenduaren 4an amaituko litzateke elkarrizketak egiteko epea, baina aukera legoke hori luzatzeko, bi aldeek hala onartzen badute. Bitartean, mobilizazioak hastea erabaki dute langileek, atzo egindako batzarrean. Datorren asteko asteazkenean hiru orduko lanuztea egingo dute, eta SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute. Ostiralean berriro ere lanuzteak egingo dituzte, eta auto karabanak egingo dituzte Berantevillatik Gasteizera.
Manifestazio bat ere antolatu dute sindikatuak. Datorren azaroaren 21ean izango da, Gasteizen. 12:30etan hasiko da Bilbo Plazan, eta Andra Mari Zurirainoko ibilbidea egingo dute. Gizarte osoari mobilizazioan parte-hartzeko deia egin diote. Ez direla azken mobilizazioak izango argi utzi dute, gainera. "Behar den guztia gogortuko ditugu mobilizazioak", batzordeko presidentearen hitzetan.