Berantevillako (Araba) Aernnovako 441 langileentzako aldi baterako erregulazioak «ez dauka justifikaziorik» langile batzordeak esan duenez. Aeronautikaren «sektorea desegituratzen» ari direla ere salatu dute Aernnovako langileek. Zuzendaritzak ELA sindikatuak aurreratu zuen albistea berretsi du jadanik: Aernnovak aldi baterako dosierra aurkeztu du; taldeko 597 langileetatik 441i eragingo die, eta 38 egunekoa izango da. Otsailan hasiko dira aplikatzen.
Langile batzordeko presidente Juan Carlos Gomezek (ELA) zuzendaritzaren «jarrera mafiosoak» salatu ditu, erregulazioak «fikziozko» arrazoiak dituelako oinarrian. Sindikalistaren ustez, zuzendaritzak lan karga kendu dio Euskal Herriko plantari Brasil, Mexiko eta Sevillako lantegietara eramateko. «Gero, 2014an ez dagoela denentzako lana esaten dute, baina taldea oso ondo dago, eta etorkizunean hazteko aurreikuspenak bikainak dira». Hala, manifestaziora deitu ditu langileak larunbaterako Gasteizen.
Lan hitzarmenarekin lotua
Aeronautikaren sektorea arriskuan da Euskal Herrian, «Araban zehazki», kanpoko plantak «lehenesten» ari direlako Aernnovan. Dena den, Berantevillako langileei eragingo dien erregulazioa lan hitzarmenaren negoziazioarekin lotu du langile batzordeak; ELA, LAB, CCOO, UGT, USO eta CGT sindikatuek osatzen dute. «Ez da kasualitatea erregulazioa orain aurkeztea. Lan karga planta batetik bestera eramatea lan hitzarmenaren negoziazioa baldintzatzeko salagarria da oso».
Erakunde publikoei mezu bat ere bidali die Juan Carlos Gomezek. «Aeronautikaren sektorea estrategikotzat jotzen badute, gehiago inplikatu behar dute». Langileak orain arteko ituna eskatzen ari direla azaldu du, «eta soldatak eguneratzea»; horren aurrean zuzendaritzak lan baldintzak «nabarmen okertzea» mahairatu du, Gomezen arabera. Hala, erregulazioa kentzeko exijitu dio zuzendaritzari, ituna «presiorik gabe» negoziatu dadin.