Aeronautikak luzarorako kalteak izan ditzakeela onartu du klusterrak

«Eskarien amiltze ikaragarria» gerta daitekeela uste du Heganek. Langileen osasuna arriskuan jarri gabe lan egin dezaketela uste du

Hegazkinak aparkatuta Pragako aireportuan. MARTIN DIVISEK /EFE
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 16a
19:15
Entzun

Koronabirusaren krisiaren irudietako bat da honakoa: dozenaka hegazkin aireportuetan aparkatuta, nora joan ez dutela. Berri ona airearen kutsadurarako, hegazkinek darabilten kerosenoa kutsatzaile handi bat delako, baina oso txarra hegazkin konpainientzat eta hegazkinak eta haien osagaiak egiten dituztenentzat. Azken horiek biltzen dituen Hegan klusterrak onartu du eskariak asko txikitzen ari direla. Gainera, beldur da luzarorako joko duela eta ondorio sakonak izango dituela euskal enpresetan.

«[Ekoizpen] Gaitasunaren eta merkatuaren doikuntza handi baten aurrean gaude: agertoki okerrenean, eskariaren amiltze ikaragarri bat izango dugu, eta epe laburrean berreskuratzeko aurreikuspenik gabe». Hitz horiekin deskribatu du Heganek aeronautika sektorearen kezka.
Epe laburrean jada arazoak daudela aitortu du klusterrak, agiri baten bidez. «Dagoeneko nabari dira krisiaren lehen ondorioak. Klusterreko enpresen bazkide nagusien modeloen fabrikazio erritmoak %36 eta %43 artean jaitsi dira pandemiaren aurretik zeudenekin alderatuz gero. Hainbat arrazoiren ondorio da: hegazkin konpainiek eskaera batzuk bertan behera utzi dituzte, eskaera berriak falta dira, ziurgabetasuna dago...».

Izan ere, aire garraioa da konfinamenduak eta mugen itxierak bizkorren eta gehien jasan dituen arloetako bat da. Heganek gogorarazi duenez, Eurocontrolek kalkulatu du azken asteetan %90 gutxitu da aire trafikoa kontinentean. Mundu osoan %80ko txikitzea gertatu da, IATAren arabera. «Horrek oso ondorio larriak izango ditu gure sektorean, azken finean, hegazkin eskariaren azken motorra baita aire garraioa».

Heganek azaldu du administrazioarekin lanean ari direla egoera aztertzeko eta kaltea arintzeko planak egiteko. Edonola ere, ziurtatu du «segurtasun maila oso handiak» ezartzeko gaitasuna duela sektore aeronautikoak, eta horri esker lanean jarraitu ahal dutela, «pertsonen osasuna arriskuan jarri gabe, sektorearen benetako aktiboa baitira».

5.000 langile

Urte oparo bat izan behar zuenean etorri zaio krisia aeronautikari. Izan ere, hegazkin eskari gero eta handiagoaren esker urtetik urtera emaitzak hobetzen ari zen. Heganek Arabako,Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko 56 enpresa —ITP Aero, Aernnova, Aratz, Sener, Sisteplant...—, lau zentro teknologiko eta lau unibertsitate biltzen ditu. Bere enpresek 2.457 milioi euro fakturatu zituzten 2018an, 176 lantegi zituzten, eta 14.857 langile, horietatik ia 5.000 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.