Enpresak

Aguraingo Sapem lantegia itxi nahi du Arcelorrek

54 langileak kaleratzeko enpleguaren erregulaziorako eskaera aurkeztu du multinazionalak. Proposamenaren "formak eta edukia" salatu ditu ELAk. Aurki mobilizazioetara deituko dituzte langileak.

Aguraingo langileak Gasteizen, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
2014ko abenduaren 19a
10:40
Entzun

Arcelor-Mittal multinazionalak Agurainen duen lantegia ixteko asmoa iragarri du. ELA sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, gaur egun bertan lanean ari diren 54 langileen kontratuak behin betiko eteteko erregulazio eskaera egingo du jabeak.

Metalgintza arloko enpresa da Sapem. 1965. urtean sortu zen, eta Arabako Lautadako industrializazioaren ikurretako bat izan da. Duela zenbait urte Arcelorrek herrian zuen biltegia eta Sapem lantegia bateratu zituen.

Zuzendaritzak egindako proposamenaren "formak eta edukia" salatu ditu ELAk. "Formetan, erregulazioa negoziatzeko epea irreala delako, gabonak tartean daudelako". Funtsean, Arcelor-Mittalek, altzairugintza sektoreko multinazional handienak, Agurainen lan zama eskaintzeko "ahalmena" duela uste du sindikatuak.

Itxieraren aurka borrokatzeko asmoa jakinarazi du ELAk, eta aurki mobilizazioak jakinaraziko dituzte. "Ez dugu ontzat joko enplegua suntsitzea, eta Agurainen industria proiektu bat desagertzea".

Halaber, biharko Gasteizen enpleguaren defentsan ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu duten manifestazioarekin bat egingo dute Aguraingo Arcelorreko langileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.