Hitzetik hortzera zebilen Greziaren erreskatea eta, esan liteke, EBZk Greziari ahoz ahokoa egitea erabaki duela. 2010 ostean ere, EBZk bankuei exijituko dien gutxieneko rating edo kaudimen kalifikazioa ez da krisi aurretik bezain zorrotza izango. Alegia, Greziako zorra eraman ahal izango dute diru eske doazenek; ergo, errazagoa izango da Greziako estatuak bere zorra saltzea; beraz, bankuek errazago erosiko diote, eta, likidezia oxigenoa den honetan, oraingoz ez dute Grezia itoko. %2,07ko jauzi batekin ospatu zuen hori Ibex-35ek, Merkel eta Sarkozyk ere EBZren ildotik jo zuten egunean. Kasualitateak badirela uste dutenek pentsa dezatela zernahi. Bien bitartean, Gamesa (+%5,37), %3na igo ziren Arcelor, FCC eta Ferrovial nahiz %2na pasa igo ziren bi banku handienek arnasa sakon hartu zuten. 11.000ko langaren gainetik, ia 11.100era iritsi da Ibex-35. Eta euroa, zer egingo zaio, lagunok, 1,33 dolarren azpitik.
Abertisen (+%1,07) kapitalaren %1,68 saldu zen inbertsiogile handien artean; saltzailea nor den ez da ordea jakinarazi. Azken datuen arabera, Criteriak (+%1,33) enpresaren %20 du eta Iberdrolaren (+%1,95) kontseiluan sartu nahi duen ACSk (+%1,92) ia %14.
Medcomtech (+%29,79) bioteknologia enpresak Mercado Alternativo Bursatilen (MAB) burtsaratze arrakastatsua izan zuen. 11.000 euroren mugimendua baino ez zuen eragin, ordea. 2000ko urrian Gamesa %73 igo zen, baina, gainera, dirutza mugituta.
Ahoz ahokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu