Ekonomia

Aierdiren arabera, INEren enpleguaren datuek ez dute "nahikoa sendotasunik"

Uztailera arte, urtearteko barne produktu gordina %3,1 handitu da Nafarroan, eta gobernuak espero du urtea %2,8 eta %2,9 artean amaitzea.

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordea. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2016ko uztailaren 29a
11:32
Entzun

"Ustekabean hartu gintuen". Atzo Espainiako estatistika erakundeak biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzak kaleratu zituen, eta, Nafarroaren kasuan, emaitza harrigarriak eman zituen, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordearen hitzetan: Nafarroako ekonomia %3ko erritmoan hazten ari da, INEren arabera, 4.200 enplegu galdu ditu urtebetean, eta 8.700 azken hiruhilekoan.

Lehendakariordearen arabera, 2008tik INEk enpleguari buruz eman dituen datuak hartu, eta urtero okupatu kopurua Gizarte Segurantzaren datuen gainetik egon da. Aurtengo bigarren hiruhilekoan lehen aldiz, INEren datuak Gizarte Segurantzaren datuen azpitik daude: zehazki, Gizarte Segurantzan izen emandako afiliatu kopurua baino 4.800 okupatu gutxiago ematen dizkio INEk Nafarroari. "Hori gertatzen den lehen aldia da", gaineratu du.

Beste datu adierazgarri bat eman du. Hazkundearen motor nagusia barne kontsumoa da, eta, horren ondorioz, batik bat, zerbitzu sektoreak eta hari lotutako azpiatalek egin dute tira ekonomiatik (turismoa edo txikizkako merkataritza). Aierdiren arabera, adierazle guztiek erakusten dute sektoreok hazkundea "bizkortu" egin dutela bigarren hiruhilekoan. Haatik, INEren arabera, zerbitzuek ia 6.000 enplegu galdu dituzte azken hiruhilekoan. Horregatik, "inkesta horrek ez du nahikoa sendotasunik", ondorioztatu du gaur Aierdik, eta zehaztu du ez duela zerikusirik datuak gobernuarentzat onak edo txarrak izatearekin.

INE inkesta bat da, eta Gizarte Segurantza erregistro bat da, eta Aierdik fidagarritasun handiagoa ematen dio. Gizarte Segurantzaren datuei begira, haren bilakaera hazkundearen bilakaerarekin bat dator, eta hark adierazten du 2013tik enplegua sortu duela Nafarroak. Aurten 6.000 eta 7.000 enplegu artean sortzea espero du gobernuak.

Industrian, "zantzu onak"

Industrian produkzioa "hobetu" egin da, Aierdiaren arabera. Inguruneari edo konfiantzari lotutako adierazleek "zantzu onak" adierazten dituzte, "Espainiakoak edo Europako Batasunekoak baino hobeak".

Esportazioei dagokionez, lehen hiruhilekoan %8,6 egin zuten behera, eta, apiril-maiatzetako datuen arabera, %5,6 egin dute hobera, batik bat automobil salmentei esker. Esportazioen datuetan BSH enpresak egoitza Zaragozara (Aragoi, Espainia) aldatu izanak ere zerikusi zuzena izan du, halaber, Aierdiren arabera. Nahiz eta produkzioa Nafarroan izan, egoitza aldatu duenez, atzerrian saldutako etxeko tresna elektrikoekin fakturatutako 200 milioi euro inguru esportazioen datuetatik at geratu direla nabarmendu du Aierdik. Egoitzaren aldaketa zerga erreformarekin zerikusirik ba ote duen galdetu diote. "Ezezko borobila ematen dizuet. Aurretik planifikatuta zuen aldaketa BSHk ".

Aurreikuspenak eta arriskuak

Urte amaierara begira, aurreikuspenak ez aldatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak oraingoz. Urtea %2,8-%2,9ko hazkundearekin amaitzea espero du. Lehen sei hilabetetan %3,1 handitu da barne produktu gordina. Arriskuen artean, Espainiako Gobernurik ez izatea edo brexit-a nabarmendu ditu, baina, oraingoz, "ekonomian uste baino eragin apalagoa" izan dute. Horrek ez du esan nahi aurrera begira izango ez dutela, eta brexit-aren eragina batik bat 2017an antzemango dela uste du Aierdik.

Gogora ekarri duenez, Europako Batasunak aipatu du egiturazko funtsak moztu ditzakeela baldin eta defizit helburuak ez badira betetzen. Oraingoz hori gauzatu ez bada ere, arriskuaz ohartarazi du, eta, horregatik, "erantzukizuna" eskatu die Espainiako Gobernua osatzeko elkarrizketetan diren alderdiei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.