azpiegiturak

Aireportuak ixteko "arriskuaz" ohartarazi dute Loiu, Foronda eta Hondarribiko langileen ordezkariek Eusko Legebiltzarrean

Pribatizazioaren ondorioak salatu dituzte AENAko enpresa batzordeko kideek.

Forondako aireportua. JUANAN RUIZ, ARP
2014ko urriaren 1a
13:26
Entzun

Loiu, Foronda eta Hondarribiko AENAko enpresa batzordeen ordezkariek beharrezkotzat jo dute gizartearen, sindikatuen, ordezkari politikoen eta oro har erakunde guztien "akordio zabal bat", pribatizazioaren "iruzur handiari aurre egiteko". Eusko Legebiltzarrean izan dira hiru aireportuetako langileen ordezkariak.

Espainiako Gobernua "inposatzen" ari den prozesu "pribatizatzailea" salatu dute, eta kezka adierazi dute gerta daitekeenaren gainean. Haien ustetan, prozesu horrek "degradatze handiagoa" ekarriko du lan baldintzetan, eta "gizarte osoaren funtsezko eskubideei eraso egingo die".

Salatu dutenez, "interes ekonomiko pribatuak eskubide eta behar sozial eta ekonomiko kolektiboen gainetik" jarri nahi dituzte pribatizazioarekin, eta azaldu dute dagoeneko nabari dituztela horren ondorioak. Hondarribiko eta Forondako kasuak aipatu dituzte bereziki; diotenez, ordutegietan eta lantaldean "murrizketa zorrotzak" jasan dituzte. Horrek "zerbitzuaren kalitatean eta segurtasunean" eragina duela ohartarazi dute.

Horrekin batera, gogorarazi dute hiru aireportuek zuzeneko 3.000 lanpostu sortu dituztela, eta 230 enpresak lan egin dutela haientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.