Italiako Altxorrak hamar urtean itzultzeko 2.979 milioi euroren zor bonuak merkaturatu zituen atzo. Saldu, salgai jarritako guztia saldu zuen, baina %6tik gorako interesa eskaini behar izan zien inbertsiogileei, herrialdeak euroa darabilenetik eskaini behar izan duen errentagarritasun handiena. Hori bera asteazkenean gertatu izan balitzaio, inor ez zen asaldatuko. Atzo gertatu izanak, ordea, auzitan jarri du zorraren krisia gainditzeko euroguneko herrialdeek herenegun egindako akordioaren eraginkortasuna.
Batetik, Grezia estualditik ateratzeko asmoz, zorraren erdia bakartzea hitzartu zuten euroguneko herrialdeek; bestetik, barkatze horren ondorioak arintzeko finantza sektorea kapitalizatzea; eta, azkenik, erreskate funtsa bilioi bat eurora arte handitu eta haren funtzionamendua malgutzea. Hala, aurrerantzean, estualdian diren herrialdeei laguntzeko tresna gisa jokatu ahal izango du, haiek merkatura jaulkitzen duten zorraren laurdena bermatuz, eta merkatuetan dirua merkeago lortzea ahalbidetuz. Itxura guztien arabera, Italia izango da tresna hori estreinatuko duen herrialdea.
Atzoko enkantearen emaitzak eragina izan zuen bigarren mailako merkatuan ere. Bigarren merkatu horretan, aurretik jaulkitako tituluak salerosten dituzte inbertsiogileek, eta han kalkulatzen da herrialde baten zorraren arrisku saria zenbatekoa den. Arrisku saria da, hain justu, inbertsiogileek herrialde batengan duten konfiantzaren adierazle nagusia: arrisku saria zenbat eta handiagoa, konfiantza orduan eta txikiagoa.
Hortaz, atzo, Italiako Altxorrak hamar urtean itzultzeko tituluen truke inoiz baino interes altuagoa pagatu ostean, haren zorraren arrisku sariak gora egin zuen, eskainitako errentagarritasuna handitu ahala zor hori ez itzultzeko arriskua ere handitu egiten dela ulertzen baitute inbertsiogileek. Hala, herenegun oinarrizko 20 puntu jaitsi ondoren, atzo 16 puntu igo zen, 380 puntura arte.
Italiako Bankuak prentsa ohar batean jakinarazi zuenez, hamar urtean itzultzeko bonuez gain hiru eta zazpi urtean itzultzekoak ere merkaturatu zituen herrialde hartako Altxorrak. Orotara, 7.930 milioi euroren zorra saldu zuen, eta inbertsiogileak ez ziren oso eskuzabal ibili, eskainitakoa baino zertxobait gutxiago baizik ez baitzuten eskatu.
Datozen hilabeteetan, Greziaren atzetik, Italia da inbertsiogileekin konpromiso handienak dituen euroguneko herrialdea. Horrek esan nahi du dirua beharko duela eta diru horren bila merkatuetara jo beharko duela. Inbertsiogileek badakite hori, badakite ez duela beste erremediorik, eta horregatik eskatzen diote horrenbesteko errentagarritasuna, badakitelako eskatutako guztia emango diela.
Erabakiak ohiko bidetik
Bundestagek ezingo du prozedura lasterra erabili euroa salbatzearekin eta Europako erreskate funtsarekin zerikusia duten neurriak onartzeko, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak galarazi egin baitio. Prozedura lasterra baliatzeko baimena eman izan balio, bederatzi diputatuz osatutako talde bat arduratuko zen neurri horiek onartu edo atzera botatzeaz. Auzitegi Konstituzionalak, ordea, erabaki du neurri guztiak Parlamentuan eztabaidatu beharko direla. Horrela, arrazoia eman die oposizioko diputatuei, haiek jarri zutelako helegitea prozedura lasterra erabiltzearen kontra.
Euroguneko zorraren krisia
Akordioak akordio, Italiak inoiz baino garestiago saldu ditu zor bonuak
%6tik gorako interesa eskaini behar izan die inbertsiogileei hamar urterako tituluen truke, inoizko altuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu