Azken egunotan negoziazioak bizkortu dituzte Greziak eta haren hartzekodunek, ministro azpiko goi funtzionarioak biltzen dituen Bruselako taldean.
Negoziazio horiek emaitzak ematear daudela ziurtatu dio Reuters agentziari Atenasko gobernuko iturri batek. Horren arabera, Alexis Tsiprasen gobernuak ez lituzke pentsioak edo soldatak gehiago jaitsi beharko. BEZ zergaren erreforma izango da, ordea. Iturri horrek berak onartu du adostasuna ez dela erabatekoa, eta oraindik ezin dela akordio osoaz hitz egin. Haren arabera, Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren artean desadostasunak daude. "NDFren adostasuna behar izango ez bagenu, honez gero akordioa itxita izango zen", esan dio iturriak Reutersek.
Europako Batzordeak, berriz, ziurtatu du artean ez dagoela akordiorik.
Burtsek igoera handiekin erantzun diote berriari.
Hurrengo orduetan edo egunetan EBrekin eta NDFrekin ados jartzeko interes handia du Tsiprasen gobernuak, dirurik gabe geratzen ari delako bere ordainketei aurre egiteko. Orain arte gai izan da leku batetik eta bestetik dirua biltzeko bere langileei eta pentsiodunei pagatzeko eta, aldi berean, hartzekodunekin (NDF, Europako Banku Zentrala...) dituen zorrak kitatzeko. Baina Giannis Varufakis Finantza ministroak berak onartu du hil honen amaierarako kutxak agortuko zaizkiela. Bere gobernukide batzuek auzitan jarri dute ekainaren 5ean NDFri 300 milioi itzultzeko gai izango denik. Ordaindu ordainduko duela diote, ordea, iturri ofizialek.
Atenasek ez du azken urtean dirurik jaso EBtik edo NDFtik, horren truke indarrean jarri beharreko erreformen eta egin beharreko gastu murrizketen inguruan ados ez direlako jarri bi aldeak. Desadostasun horiek eraman zuten Antonis Samaras kontserbadorea Greziako hauteskundeak aurreratzera, eta haren ND alderdiaren porrotaren ondoren, boterera eraman zuten Syriza ezkerreko koalizioa.
Ika-mika gogorren ondoren, otsailaren 20an bide orri bat hitzartu zuten Tsiprasen gobernuak eta EBk. Horren arabera, apirilaren 30erako ados jarri behar zuten Bruselaren kutxetan Greziarentzat gordetako 7.200 milioi euroak emateko baldintzei buruz, eta ekainaren 30erako lotu nahi zituzten Atenasen hurrengo bizpahiru urteetako finantzaketa beharrak. Lehen muga akordiorik gabe gainditu zuten.