Zazpi hilabete dira 2012ko irailaren 25ean Lemoako (Bizkaia) Cementos Lemonako langileek mobilizazioak hasi zituztela kaleratzeen kontra. Iazko abenduaren 5az geroztik, greba mugagabean daude beharginak, 140 egunez, Cementos Portland Valderrivasek ezarritako lan espediente erregulazioaren aurka. Baina azkenean aurkitu dute konponbidea, eta "langileen borrokari esker" izan dela nabarmendu du langile batzordeak.
Hain zuzen ere, joan den otsailaren 25ean CHR irlandarrak konpainia erosi zuenetik, "negoziazio gogor eta zailak" hasi zituzten langile batzordeak eta zuzendaritzak. Gaur bertan eskuratu dituzte fruituak: akordiorako oinarria lortu dute, eta beharginen batzordeak gaur goizean aho batez berretsi du. Kaleratutako hamasei langileak berriro itzuliko dira lanera, eta, gainera, Espainiako lan erreformari aurre egiteko klausulak dituen hitzarmen kolektibo bat sinatzea jaso dute akordioan.
Bihar goizean egingo dute agerraldia Lemoako langileek. Akordioaren gako nagusiak azalduko dituzte bertan, eta "topa" egingo dute, "langileen lorpena ospatzeko".