Akordiorik ez dute lortu Kutxabanken aginteaz

EAJk gehiengo osoari uko egiten ez badio, Bilduk eta PSE-EEk izendatu gabe utzi ditzakete euren kideak

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gaur goizeko bederatzietarako dute jarria hitzordua BBK eta Kutxako administrazio kontseiluek, eta arratsalderako Vitalek. Orduan eman beharko ditu bakoitzak Kutxabanken administrazio kontseilurako aukeratu dituen pertsonen izen-abizenak. Alderdi politikoak, ordea, ez dira ados jartzen kontseilu berrian bakoitzak eduki beharreko pisuaz. Kutxabanken gaineko kontrola eduki nahi du EAJk, baina PSE-EE eta Bildu ez daude ados. EAJk gehiengo osoari uko egin ezean dagozkion kideak izendatu gabe utziko dituela esan du PSE-EEk, eta Bildu ere horretarako prest egon daiteke. Hau da, administrazio kontseilua osatuko litzateke, baina bakarrik EAJ eta PPren ordezkariekin.

Guztira hogei lagunek osatuko dute administrazio kontseilua. Horietako hamar aukeratu nahi ditu EAJk, Mario Fernandez presidentea eta beste bederatzi hain zuzen —Fernandezek kalitateko botoa izango du—. Alderdiaren proposamenaren arabera, Bilduk lau kide izendatu behar lituzke, eta hiruna PSE-EEk eta PPk. PP ados dago kopuru horrekin, baina Bildu eta PSE-EE ez. Bateko zein besteko ordezkariek nabarmendu dute Kutxabanken administrazio kontseiluak «ahalik eta pluralena» izan behar duela, eta EAJk ez duela gehiengo osorik eduki behar.

Egunak daramatzate gaiari buruz negoziatzen, gaurko akordioa lortzea baitzen helburua, baina baliteke ez erdiestea ere. BERRIAk jakin ahal izan duenez, PSE-EEk proposamen berri bat bidali zion atzo arratsaldean EAJri: EAJk bederatzi kide izatea; Bilduk, bost eta PSE-EEk eta PPk, hiruna. Epe batera, ordea, administrazio kontseiluko kide kopurua gehitu nahi du PSE-EEk: hogeitik 22ra. Orduan, EAJk hamar kide izatea, Bilduk bost, PSE-EEk lau eta PPk hiru proposatu du. Bilduren oniritzia ere badu proposamen horrek, nahiz eta hasiera batean hogeitik sei kide izan nahi zituen , Kutxari dagozkion seiak alegia. Iñaki Arriola PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia Diputaziora joan zen atzo Martin Garitano ahaldun nagusiarekin hitz egiteko gaiari buruz. EAJren erantzuna ezezkoa izan da, eta ez du beste proposamenik egin.

EAJko iturriek esan dute «akordioa lortzen» saiatuko direla administrazio kontseiluak bildu artean. Eta akordiorik ez badago ere urtarrilaren 1erako Kutxabanken administrazio kontseilua osatuta egongo dela agindu du. «Erabateko normaltasunez funtzionatzeko moduan izango da, Bilduren eta PSEren adostasunik gabe ere». Alderdiko kideen arabera, banaketa «guztiak eroso egoteko modukoa bezain zabala da». Era berean, alderdiak azaldu du aginte organoan «herrialdeko sentsibilitate guztiek» ordezkaritza izatea nahi duela. Urtarrilaren 1ean hasiko da martxan Kutxabank.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.