EH Bilduk azaldu du gaur goizean atzo aurkeztutako proposamena eraman duela Kutxako bilerara. "Hiru kutxetan eztabaida irekitzea, kutxen kontrol publiko eta soziala bermatu eta pribatizazioari atea ixtea" proposatu dio Xabier Iturbe Kutxako presidenteari. Baina gainerako alderdiak EH Bilduk aurkeztutako proposamenaren kontra agertu dira, "Bizkaian eta Araban hartu duten bidean eragiteko gaitasunik ez dutela argadiatuz".
Izan ere, koalizio abertzaleak eskatu du astelehenean BBK eta Viatl banku fundazio bihurtzeko asmoa duten batzarrak bertan behera uztea. "Gipuzkoako Kutxan bezalaxe, abendura arte denbora baitago".
EH Bilduren ustez, "argi geratu da beste behin ere, EAJ, PSE eta PPren asmoa "Kutxabank pribatizatzea" dela, eta horretarako "euren esku dagoen guztia egingo dutela, bai moduetan, bai edukietan".
Hori horrela, koalizioak berriro egin die eskaera EAJ, PSE, PP eta CCOOri: "erantzukizunez jokatzeko, eta datorren asteleheneko BBK-ko eta Vitaleko batzarretan banku fundazio bihurtzeko puntua ezabatzeko". EH Bilduren ustez, Bizkaiko eta Arabako kutxak astelehenean banku fundazio bihurtzen badituzte, "herri honetan azken hamarkadetan burutu den lapurreta handienaren aurrean egongo gara".
ELA eta LAB, BBKren batzarraz
Bi sindikatuek joan den astean aurreratu zuten BBK-k eta Vitalek deitutako batzarretako kideei "nahitaez bai" bozkatzeko "xantaia" egin zitzaiela. Azaldu zutenez, batzarkideei igorritako informazioan ohartarazi zieten kontrako botoa edo abstentzioa aukeratzen dutenek 500.000 euroko isuna eta inhabilitazioa jaso ditzaketela.
BBKren erabakiari buruzko hainbat txosten juridiko aztertu ondoren, ELAk eta LABek gaur adierazi dute "erabat legezko eta zilegi" dela ezezko botoa ematea edo abstenitzea, eta hala jokatzeak ezin du inolako zigorrik ekarri.
"Zigor mehatxua, erabili diren hitzak medio, lausoa izan arren, ziur gaude bere asmoa dela batzarkideei presio eta xantaia eragitea eta botoa ematerakoan demokrazian modu onartezinean baldintzatzea".