Gaur bete dute hilabete greban Zizurkilgo Huyck Wangner —Perot zena— enpresako langileek. Urtarrilaren amaieran, ia lantalde osoa kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak. 81 langiletatik 75 bota nahi ditu. Astelehenean amaitu zen dosierraren gainean negoziatzeko epea, eta akordiorik ez dute lortu. "Multinazionalak ez du negoziatzeko inongo borondaterik agertu. Lantegi hau husteko erabakia estrategikoa da. Zizurkilgo langileak merke kaleratu nahi dituzte multinazionalak oraindik diru gehiago irabazteko", azaldu du Mikel Zabaleta ELAko ordezkariak.
"Partida ez da amaitu", nabarmendu du. Kaleratze gutunak iristen direnean enpresaren aurkako salaketa jarriko dutela iragarri du, espedientea baliogabetzeko eskatzeko. Zabaletaren esanetan, 2010. urtetik Zizurkilgo enpresatik multinazionalera 5 milioi euro baino gehiago eraman dituzte; talde barneko salmenta neurriak guztiz desorekatuak izan dira multinazionalaren mesedetan; eta, horrez gain, muga zorrotzak jarri dizkiote lantegiari, bai egin beharreko produktuan eta bai merkatuetan. "Hala eta guztiz ere, irabaziak ematen jarraitu du urtez urte". Greban jarraitzeaz gain, larunbatean manifestazioa egingo dute Tolosan, 12:00etan, Triangelu plazan hasita.
Espedientea aurkeztu zuenean enpresak esan zuen jarduerari eustea ez dela bideragarria, eta hainbat arrazoi eman zituen hori argudiatzeko: papergintzaren sektoreko krisia, salmenten jaitsiera eta makineria berritzeko egin beharko lukeen inbertsioa. Tresneria berritzeko, 24 milioi euro beharko lirateke, enpresak azaldu zuenez. Inbertsio hori eginda ere, uste du ez dagoela bermatuta eskaria handituko denik; berrikuntzak egin ezean, berriz, galerak areagotu egingo liratekeela dio.