Lan gatazkak

Albizturko Antalis itxi eta 39 langile kaleratuko dituzte, "hemen merkeagoa delako"

Kolokan dago langile guztiak kalean utziko dituen erregulazio dosierra negoziatzeko lehen bilera. Gaur da egitekoa, baina leku bat adostu behar dute zuzendaritzak eta langileek Arantzatzu hoteleko hitzordua bertan behera geratu eta gero.

Langileen protesta. XABIER MARTIN
xabier martin
2013ko abenduaren 4a
15:52
Entzun

"Gu kaleratzea merkeagoa da". Garbi azaldu du zer gertatu den Antalis multinazionalak Albizturren (Gipuzkoa) duen plantan Fernado Gordejo langile batzordeko kideak (LAB). Albizturko papergintza sektoreko lantegiak bere parekidea dauka Belgikan, paperezko sobreak eta besteko estalkiak egiten dituzte, baina zuzendaritzak Euskal Herrikoa ixtea erabaki du. "Merkeagoa zaie". Sumindura eta harridura begien bistakoak dira langileen aurpegietan. Arantzatzu hoteleko sarreran dira bozinekin eta oihuka. Zuzendaritza ez da azaldu zitara. "Guk enpresan batzartu nahi genuen, baina haiek ez". Beste leku baten bila ari dira une hauetan. Edonola ere, badakite zer esango dieten: itxiera erabakita dagoela.

"Gure planta bideragarria da oso, lan karga handia daukagu, eta orain dela egun batzuk arte dena normal zihoan", azaldu du Oihane Valenciano batzordeko beste kideak (LAB). Bat-batekoa izan da albistea. "Ez genuen espero. Abenduarenn 31 arte ekoizpena aurrera ateratzeko esan digute, eta gero itxi egingo dutela. Bi planta erdipurdi aritzeko, nahiago dutela baten aldeko apustua egin, eta gu kaleratzea merkeagoa denez....".

Greba mugagabeari ekingo diote Altaliseko 39 langileek. "Gu lantegira goaz. Hura irekita nahi dugu, badakigulako bideragarria dela, lan karga duela, eta hau multinazional baten erabaki estrategikoa baino ez dela". Enpresak duen neurriarengatik, dosierrak agintzen dituen gutxieneko hiru bilerak hamabost egunetan egin beharko dituzte. Hilaren 18tik aurrera etor daiteke, beraz, Albizturko enpresaren itxiera. "Perot, Marie Brizard, Altalis... Tolosaldean asko eta askori egokitu zaio guri baino lehenago egoera hau. SAMen eta Unipapelen ere kanleratzeak egunerokoak dira. Hauxe da errealitatea", dio Gordejok. "Ez dugu onartuko kanpoko multinazionalek gure ehun industrial osoa suntsitzea. Borrokara goaz, garbi daukagu. Hil aurretik indar guztiak emango ditugu".

Borroka hori, momentuz, grebaren bidez garatuko dute, eta baita negoziazioaren bidez, argumentuekin. "Guk lanean jarraitu nahi dugu, lana dugulako horretarako. Euska herritarrei kalte ordain txikiagoa eman behar digutelako gertatu zaigu hau". Negoziazio epea amaitu eta gero (hilaren 18tik aurrera) zuzendaritzak ez badu iritzirik aldatu, ez dute baztertu epaitegietara jotzea, aurten bertan Zizurkilgo Peroteko langileen bidea egiteko. "Kontua da ez digutela inolako alternatibarik eman; ez digute planteatu soldatak jaistea edo beste neurri batzuk. Zierrea daukate buruan, eta kitto. Baina enpresa bideragarria da, hori garbi dago, ez beharbada beraiek aberaztu nahi duten mailan, baina bai zabalik eusteko modukoa".

Orain arteko normaltasunak erakusten du itxiera neurrigabea izan daitekeela langile batzordearen ustez. "Hileko soldata eta gabonetako aparteko saria eman digute, eta gauzak normal joan dira, harik eta bat-batean gure lanpostuetatik atera gaituzten arte", dio Ohiane Valencianok. "Gabonetako saskia ere prest daukate, atera kontuak". Madrildik ekarri aurretik nahi ote dituzten galdetu diete. "Lotsagabeak, 'bidali itzazu' esan diot, saski horiek gure izerdiak pagatu ditu eta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.