Euskadiko CCOOk salatu du enpresaren asmoa, azken urteetan izandako «emaitza jorien» ostean lan taldea murriztu eta zentroak itxi nahi dituelako. Hala, negoziazio mahaia irekitzeko bi baldintza jarri dizkio: bata txandakako kontratua daukaten 60 behin-behineko langileri kontratu finkoa egitea. Modu horretara, lanpostu batzuk ziurtatuko liratekeela uste du sindikatuak. Bestea, berriz, etorkizunera begira bideragarritasun plan bat eta ibilbide orri bat egitea. Horren bidez, aurrera begira plantea daitezkeen enplegua erregulatzeko espedienteak saihestu nahi ditu.
Enpresak deusezteko asmoa duen 105 lanpostutatik 58 lanpostu zuzenak dira. Baldintza hori betetzen duten 60 urtetik gorakoentzat pizgarriak proposatu ditu 2009 eta 2010. urteetan. Gainontzeko 47 lanpostuak, berriz, azpikontratatutakoei dagozkie. Dagoeneko horietatik 27 langile kaleratu dituzte, eta beste 20ak martxoaren 1ean kaleratuko dituzte.
Zornotzako zentroan aluminioa eraldatzeaz arduratzen dira, baina lan hori egiten duten beste lantegietan ere lanpostuak kentzeko asmoa dauka enpresak: Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) eta Alacanten (Herrialde Katalanak). Sabiñanigoko lantegia, gainera, salmentan jartzea proposatu du. CCOOren arabera, baina, beste langile batzuk ere kaleratzea espero du oinarrizko ekoizpena egiten duten hiru lantegitan. Avilesen (Espainia) eta Coruña eta Lugon (Galizia) dozenaka behin-behineko kaleratuko dituztela azaldu du sindikatuak.
LAB Cegasako planaren aurka
Cegasak 217 langile behin betiko kaleratzeko proposamena Jaurlaritzak baztertu egin zuen arren, orain urte bukaera arteko enplegua erregulatzeko dosierra prestatu du horientzat. Aurreko dosierrarekin egin zuen bezala, baina, LABek baztertu egin du berria ere.
Cegasaren azken helburua langileak kaleratzea dela adierazi du sindikatuak, eta enpresaren jarrera «harroa» dela uste du. Behin betiko dosierraren porrota onartu beharrean «beste metodo berri bat» planteatu duela esan du. Horren bidez, aurretik egindako kudeaketa txarra langileek ordaintzea nahi duela iritzi dio. Sindikatuak eskatu du egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko.
Koxkako UGT eta CCOO auzitegira joango dira presioak jarraitzen baldin badu
Joan den astean Koxkak enplegua erregulatzeko dosierra proposatu eta aurrera egin zuen, baina sindikatuen arteko ika-mikak ez du etenik. Orain, dosierra onartzeko prest agertu ziren UGTk eta CCOOk auzitegira joko dutela iragarri dute, euren ordezkarien kontra «jazarpenak eta presioak» jarraitzen baldin badute. Koxkak 230 langile kaleratuko ditu, Nafarroan: 191 Iruñean, eta 39 Azkoienen.UGT eta CCOOren iritziz, enpresak planteatutako irtenbidearekin bat egitea zen aukerarik egokiena, «horrek bermatuko baitu bi lantegien etorkizuna Nafarroan». Bi sindikatuen arabera, akordiorik lortu ezean «arrisku handiko eta ziurtasunik gabeko egoeran» egongo lirateke langileak, eta horrek prozesua luzatu eta defenditzeko aukerak murriztuko lituzke.