Aldaketa ala hil. Aukera ez da berria Kubarentzat. Norabide lema 2011n aldatu zuen Habanak, eta urte horretako Alderdi Komunistaren VI. Kongresuak berretsi egin zituen erreforma ekonomikoak. Hiru urtean, sektore publikoa argaldu eta pribatua hauspotzeko pausoak eman ditu Karibeko irlak, eta eredu aldaketari beste bultzada bat eman dio orain. Ateak zabaldu dizkio atzerriko diruari. Nazioarteko inbertitzaileak erakartzeko lege bat onartu du Habanak, haiei erraztasunak emateko. Rodrigo Malmierca Kanpo Merkataritza eta Inbertsio ministroak aitortu du "konbentzituta” daudela kanpoko inbertsioek Kubako garapen ekonomikoan duten garrantziaz.
Gobernuak hasieratik ukatu du eredu sozialistarekiko haustura direnik erreforma ekonomikoak. Baina ez aldatzearen arriskuez ere argi ohartarazi zuen Raul Castro Kubako presidenteak 2011n: "Gure bidea zuzentzen ez badugu, amaitu egingo zaigu amildegiaren ertzean zutik jarraitzeko denbora. Itotzen ari gara. Eta ito egingo ditugu belaunaldi osoen eginahalak”. Lan pribatua sustatu eta atzerriko dirua erakartzeko pausoak "eredu sozialistaren eguneratze» moduan saldu ditu Castrok.
Funtsean, nazioarteko inbertitzaileei alfonbra gorria jartzea eta berme juridikoak eskaintzea da Kubako Asanblearen azken legearen helburua, horrela uharteko ekonomia sendotzeko. Iaz %2,7 hazi zen ekonomia, eta aurten BPGa %2,2 igotzea espero dute. Baina Marino Murillo Ministroen Kontseiluko presidenteordeak onartu du egungo ereduari eusteko Kubak urtean 1.500 eta 2.000 milioi euro inguru behar dituela. Atzerriko dirua sektore guztietan sartzea onartuko dute, hirutan izan ezik: hezkuntzan, osasunean eta armadan. Hiru arlo horiek soilik estatuaren esku egongo dira aurrerantzean ere. Lege berriaren helburuen artean daude "esportazio merkatuak zabaldu eta dibertsifikatzea, puntako teknologietara sarbidea izatea eta inportazioak ordezkatzea, bereziki elikagaienak”.
Inbertsioetarako lehentasuna 11 sektorek izango dute, eta horien artean daude nekazaritza eta basogintza, energia eta meatze industriak, handizkako merkataritza eta eraikuntza, besteak beste. Nazioarteko inbertsioek garrantzi berezia izango dute, Habanaren ustez, azken urteetan zabaltzen ari den sektore pribatua sendotzeko.
Malmiercaren esanetan, atzerriko inbertsioak "kate produktibo bat sor dezaketen arloetara” iristea da garrantzitsuena, "teknologia berritzen dutenetara, azpiegitura industrialak sortzen dituztenetara”. Horrez gain, gobernuak nabarmendu du kanpoko diru horrek energia berriztagarriak bultzatuko dituela, jakien industria sendotuko duela eta turismoa ere indartuko duela.
Zerga gutxiago
Kubara dirua erakartzeko hainbat amu ditu legeak atzerriko inbertitzaileentzat. Garrantzitsuenetako bat zergak jaistea da. Aurrerantzean, kanpoko inbertitzaileek euren diru sarreren %15eko zergak ordainduko dituzte —orain, euren irabazien %30 pagatzen dituzte—. Halere, legeak zirrikitu bat utzi dio gobernuari kasu batzuetan —baliabide naturalen ustiaketaren kasuan, esate baterako, berriztagarriak izan ala ez—, zerga hori %50era arte ere igo ahal izateko.
Inbertitzaileen diru sarrera pertsonalak, ordea, zerga barik lagako ditu legeak, eta enpresa mistoek —jabetza Kubako estatuak eta atzerriko konpainiek partekatzen dutenean— ez dute onuren gaineko zergarik ordainduko lehen zortzi urteetan.
Babes juridikoa
Hainbat eratara egin ahal izango dira atzerriko inbertsioak Kuban. Konpainia mistoak sor daitezke, publiko-pribatuak; edo jabetza erabat atzerrikoa dutenak. Nolanahi ere, bada aldatuko ez den puntu garrantzitsu bat, Habanarentzat estrategikoa dena eta atzerriko inbertitzaile askorentzat oztopo: atzerriko inbertitzaileek Kubako egungo laneko eta gizarteko segurantza sistema errespetatu beharko dute. Hau da, langileak ez ditu konpainiak zuzenean kontratatuko, gobernuaren oniritziarekin baizik. Izan ere, estatu agentzia bat arduratzen da langile guztien lan baldintzak eta soldatak zehazteaz eta babesteaz.
Atzerriko edonork inbertitu ahal izango du Kuban? AEBetako kubatarrek ere bai? Lege berriaren arabera, bai, baina praktikan ez da hala izango. Miamiko kubatarrek Washington izango dute horretarako oztopo. Izan ere, oraindik indarrean dago AEBek 1963az geroztik Habanari ezarritako finantza bahimendua. AEBetako legediak Kuban dirua inbertitzea debekatzen die bere herritarrei.
Inbertitzaileek beldurrik ez izateko, babes juridikoa berariaz jaso du lege berriak. Kubako Juventud Rebelde kazetaren arabera, "ezingo dira inbertsioak desjabetu, Ministro Kontseiluak ezarritako erabilera publikoko edo interes sozialeko arrazoiak tartean sartzen ez badira”. Eta desjabetzeen kasuan, "konstituzioaren eta herrialdeak sinatutako nazioarteko itunen arabera egingo lirateke, bi aldeen artean adostutako kalte-ordaina pagatuta”.
Bada, Eusko Jaurlaritzako SPRI industria sustatzeko agentziak 11 urtez Habanan izandako bulegoa ixtea erabaki zuen iaz. Baina euskal enpresa dezente daude oraindik ere uhartean. Iazko urrian izandako Habanako FIHAV industriaren azokan parte hartu zuten laurehun enpresetatik 34 Euskal Herrikoak ziren, 2012an baino bederatzi gehiago.
Raul Castrok orain hiru urte hasitako eredu ekonomikoaren aldaketak ilusio beste errezelo sortu ditu irlan, baina egin beharreko aldaketa dela uste du Aurelio Alonso soziologo kubatarrak. "XX. mendeko sozialismoak porrot egin du. XXI. mendeko sozialismoa asmatzeko ahaleginean gabiltza". Haren ustez, aldaketa ekonomikoen atzean jokoan dagoena gizartearen ereduari eustea da. "Kuban ez da inor gosez hiltzen ari, eta, beraz, ez dago pertsonen bizia jokoan, gizartearen sistema baizik".