Aztertzen ari den bidea, kasu honetan, bat-egite birtual edo hotza litzateke, babeserako sistema instituzional baten bidez (SIP). Izen exotiko horren azpian kutxak elkartzeko formula malgu bat dago, eta urtearen joanean sektorean izan diren bat-egite gehienetan erabili dute. Funtsean, elkartzen diren kutxek erakunde zentral bat sortzen dute -banku bat, hain zuzen ere - eta horrek altxortegia, arriskuak eta teknologia kudeatzen ditu. Halaber, kaudimena, likidezia, kreditu kalifikazioa eta emaitzak partekatzen dituzte. Edonola ere, kutxa bakoitzak bere izaera juridikoari, markari eta, neurri bateraino, autonomiari eusten die. Banca Civica izeneko SIPa sortu du Nafarroako Kutxak Cajasol, CajaCanarias eta Caja Burgosekin.
BBK, Kutxa eta Vitalen bat-egite saio guztiak adostasun politikoaren faltagatik zapuztu dira, eta oraingo honetan ere alderdien galbahea gainditzea beharrezkoa izango da proiektua burura eramateko. Orain arte erresistentziarik handiena PPrena izan da, batez ere Araban. Alderdi horrek baieztatu zuen atzo bat-egite hotza egiteko proposamena ezagutzen zuela; baina babestu edo ez erabaki baino lehen operazioaren baldintza zehatzak jakin nahi dituela ohartarazi zuen.
Hasieran, nahikoa litzateke EAJ eta PSE-EE ados jartzea auzi honetan, bi alderdiek operazioa aurrera ateratzeko gehiengo nahikoa badutelako, hala BBK-ko nola Vitaleko agintaritza organoetan. Haatik, Eusko Jaurlaritzan alderdi popularra sozialisten lehentasunezko bazkidea da, eta udal eta foru hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direla zaila litzateke PPkoen babesik gabe bat-egitea abiatzea.
Kutxak elkartzeko prozesuahasi zenetik, PSEk bat-egite birtual baten alde egin du. Joan den maiatzean, hain zuzen ere, proposamen hori jendaurrean plazaratu zuen Gregorio Rojok, garai horretan Vitaleko presidenteak zenak, eta, besteak beste, Carlos Agirre Ogasun eta Ekonomia sailburuaren eta kargu sozialisten oniritzia jaso zuen.
Maiatzean ezetz
BBK-k eta Kutxak, ordea, aukera horri ezetz esan zioten. Mario Fernandez Bizkaiko aurrezki kutxako lehendakariak berehala lurperatu zuen, ordura arte bateratzea eragotzi zuten baldintzek bere horretan jarraitzen zutela argudiatuta. Beste kutxaren bat eskuratzeko lehian buru-belarri sartuta zegoen BBK. CCMrekin huts egin ondoren, azkenean CajaSurren aktiboak emateko enkantean nagusitu zen.
Zer aldatu da maiatzetik? Espainiako Bankuak urtea amaitu baino lehen aurrezki kutxen sektorea berregituratzeko prozesua amaitu nahi du, merkatuek horien finantza egoeraren inguruan oraindik dituzten zalantzak uxatzeko. Aktibo kopurua hartuta, Vital Kutxa bakarrik segitzen duten txikienetako bat da. Bateratzeko aukerak aztertzen ari bada ere, ez dagoela behartuta argi utzi nahi izan zuen Arabako kutxak, atzo igorri zuen oharrean. Kutxen batez bestekoen gainetik «nabarmen» egoteak, «erabaki estrategikoak behar den lasaitasunarekin hartzeko aukera ematen du», idazkiaren arabera.
Beste kutxa batzuetako kudeatzaileekin elkarrizketak izan dituztela onartu zuen Vitalek, baina oraingoz erabaki finkorik ez dela hartu azpimarratu zuen. «Vital Kutxa ezin da finantza merkatuaren errealitatetik at egon, eta bere kokapen estrategikoa hobetzeko etengabeko gogoeta bat egiten du».
Erreakzio ofizial gehienak sozialisten ahotik iritsi ziren. Hala, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bat-egitea «hastapenetan» dagoela adierazi zuen, baina aliantzak gobernuaren babesa izango duela ziurtatu zuen, «ondo egiten bada».
Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak, Txarli Prietok, proiektua aukera bat dela defendatu zuen, eta arlo politikotik «ahalik eta eztabaida gutxien» egitea eskatu zuen. EAJtik ez zuen erreakzio ofizialik egon.
############
Banca Civicak1.100 langile kaleratzea proposatu du
Oraindik ez da osatu Banca Civicako langileen batzordea, eta Nafarroako Kutxa, CajaCanarias, Caja Burgos eta CajaSolek osatutako bankuak 1.100 langile kaleratzea proposatu du. 150 langileak erretiro aurreratuen bidez kaleratzea espero da. Etzi egingo den bileran helaraziko diete proposamena.Hala ere, ezadostasunak daude langileen batzordeko ordezkaritzari buruz. CajaSol taldean sartuz geroztik, indar harremanak desorekatu egin dira CCOOren alde. Hala, sindikatuen ordezkaritza banatzeko eskema aldatzea proposatu da: Banca Civica osoa kontuan hartu ordez, asmoa da kutxa bakoitzaren partaidetza kontuan hartu eta erakunde bakoitzean sindikatu bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera osatzea langileen batzordea.
############
Laugarren saioa
2005eko uda. Hiru kutxetako presidenteek isilpean bultzatu zuten proiektuak ez zuen PSEren eta PPren babesik izan.2007ko udazkena. Hiru erakundeak batzeko bigarren saioa gelditu zuten sozialistek.
2008ko udazkena. BBKrekin elkartzeko aukera errefusatu zuen Kutxako batzar orokorrak.
############
############