Gizarte ereduari dagokionez, Hego Euskal Herriaren eta Europako Batasunaren artean bi ezberdintasun nagusi ikusten ditu ELAk: gizarte babes eta presio fiskal maila baxuagoa dagoela Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Hori dela eta, hainbat proposamen helarazi dizkie sindikatuak foru aldundiei gaur goizean aurkeztutako txostenean, azken batean politika fiskala alda dezatela eskatzeko.
Bilerak egiteko eskaera luzatu die, eta oraingoz Arabako Foru Aldundiaren erantzuna baino ez du jaso; astelehenean Javier de Andres ahaldun nagusiarekin batzartuko dira sindikatuko ordezkariak.
Proposamenen artean, iruzur fiskalaren jazarpenean sakontzeko eskatu du ELAk. Iruzurra preskribatu baino lehen ikuskatzea oinarritzat hartu du, egungo %1eko ikuskaritzatik %20era igoz. PFEZari dagokionez, egungo %45eko tasa marjinala duela urte batzuk zegoen %56ra itzuli beharko litzatekeela uste du sindikatuak. Sozietateen gaineko zergan tasa nominal bakarra ezartzeko ere eskatu du; %35ean jartzeko, hain zuzen.
Horretaz gain, parte hartze sozialerako bideak zabaltzeko bideak zabaldu beharko liratekeela uste du ELAk. Era berean, gai horiek adosteko garaian legebiltzarrak eskumena dutela ere gogorarazi du.