Aldundiek iaz baino 140 milioi gutxiago jaso dituzte zergetan

Errenta zergaren bidez bildutakoak %10,6 egin du gora, baina jaitsi egin dira BEZarena eta Sozietate Zergarena

Iker Araburu
Donostia
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
2011. urtearen lehen erdia joan da, eta zerga bilketak ez du erreakzionatzen. Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era 4.368,7 milioi jaso dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, iaz epe horretan bildutakoa baino 141,3 milioi gutxiago (-%3,1).

Berria oso kezkagarria da aldundientzat, baina batez ere Eusko Jaurlaritzarentzat, harentzat direlako diputazioek bildutako hamar eurotik zazpi. Izan ere, aurtengo aurrekontuak egitean, Jaurlaritzak eta aldundiek kalkulatu zuten aurten iaz baino %6 gehiago jasoko zutela. Bilketa joan den urtekoaren pare geratuko balitz, 800 milioi euroko zuloa pilatuko lukete ogasunek. Aurreikuspenak beteko ez dituelakoan, Jaurlaritzak jada jakinarazi du uda ostean zenbait murrizketa egingo dituela.

Ekaina bereziki txarra izan da zerga bilketarentzat. Izan ere, maiatzera arte zuloa %0,7koa zen, 32 milioi euro, hain zuzen ere. Hilabete eskasean, ehun milioitik gorako zuloa egin dute.

Jaitsieraren zati bat BEZari zor zaio. Ekonomia Sailaren web orrian argitaratutako datuek diote zerga horren bilketa %8,9 jaitsi dela iaztik. Halaber gutxitu dira Sozietate Zergaren diru sarrerak (%8) eta erregaien, tabakoen eta beste produktu eta zerbitzuren gaineko zeharkako zergena (%8,4). Zerga nagusien artean gora egin duen bakarra Errentarena da, %10,6, alegia. Datu horiek adieraziko lukete, hein batean, enplegua berriro sortzen ari dela, baina kontsumoa jaisten ari dela.

Jaurlaritzak argudiatu izan du Rover auziari esker ogasunek iaz jaso zuten aparteko diruak —300 milioi euro inguru— eragin duela desoreka. Horiek gabe gora egingo luke bilketek. Baina arazoa da Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuela maiatzean dirua Estatuari zegokiola eta, hortaz, Jaurlaritzak eta aldundiek dirua 0 itzuli behar dutela. Arabako Aldundiak helegitea aurkeztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.