Soslaia. Jean-Marc Ayrault

Aleman irakasle bat Frantziako gobernuburu

Xabin Makazaga.
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Normala, normalegia agian. Frantziako presidente François Hollandek beste gizon arrunt batizendatu du lehen ministro: Jean-Marc Ayrault (Maulevrier, Bretainia, 1950). PS Alderdi Sozialistako diputatuen burua Frantziako Asanblea Nazionalean, aurrez ministro kargurik izan gabea da Ayrault, Hollande bera bezala, eta gobernuburu izateko faborito ageri zen inkesta guztietan, Martine Aubry PSko idazkari nagusiaren aurretik. Ayraultek François Fillonen lekukoa hartuko du Matignonen.

Hollande eta Ayrault, biak ala biak Lionel Jospinen hurbilekoak ziren hura presidente zelarik (1997-202), eta astearteko gosarietan parte hartzen zuten; gosari horietan erabakitzen ziren, hain zuzen, azken gobernu sozialistaren lan ildoak. Fideltasunaren aldeko hautua egin du, horrenbestez, Hollandek, alde batera utzita Ayraultek gobernu esperientziarik ez izatea.

Gazterik hasi zen politikan Ayrault, eta, 27 urterekin, Saint-Herblaineko alkatetza eskuratu zuen: Errepublikako auzapez gazteena bilakatu zen, 30.000 biztanletik gorako hiriei dagokienez. François Mitterrandek ere deitu zuen orduan, militante sozialista gaztearen balentriak txundituta. Periferiatik Naoned hiriburura (Nantes) 1989an egin zuen jauzi, jada diputatu zelarik, eta Michel Chauty senataria (RPR) ordezkatu zuen alkatetzan, aurrez Saint-Herblainen egin zuen gisa berean.

Ayraultek Frantziako gobernuburu izateko dohainen bat badu, Asanblea Nazionalaren ezagutza sakona da. 1986tik da diputatu Loire-Atlantique departamendutik, eta 1997tik talde sozialistaren buru izan da. Parlamentuko gora-beherak bezain ondo ezagutzen ditu hiri kudeaketaren ingurumariak: hautetsi sozialista eta errepublikanoen federazioko buru izan zen, eta Frantziako hiri handietako auzapezen elkarteko buru.

Jospinen gobernuan sartzear izan zen, baina Naonedeko alkate zela udal kontratu bat oker eman zutelakoan inputatu egin zuten —gerora sei hilabeteko espetxera zigortu zuten, bete beharrik gabe—, eta orain ere auzi hori zuen gainditu beharreko koska. Hollandek, zigortutako politikariz ez zela inguratuko agindu zuen berak, nahiago izan du ezikusiarena egin eta gobernua kide fidel baten esku utzi.

Inoiz hauteskunderik galdu gabea, auzapez zelarik jasotako zigorraz gain badu Ayraultek beste orban bat: AGO aireportuaren proiektua. Bere egitasmo kutuna bihurtu zuen 1963an egindako proiektua, 1974an sartu zuten Naonedeko hirigintza planean, lanak 2014ean hastekoak ziren eta 2017rako ireki nahi zuten. Notre-Dame-des-Landeseko aireportuaren proiektuari, baina, luzamendua ezarri berri diote, kontra direnen argudioak aintzat hartuta.

Katoliko sutsua gaztetan, kristau kutsuko langile mugimendutan murgildu zen politikan, harik eta 1972an agnostiko deklaratu zen arte. Jaioterrian ezagutu zuen emaztea, eta biek aleman lizentziatura egin zuten. 25 urte luzez izan zen aleman irakasle Ayrault, Naoned inguruko lizeoetan. Ez zaio gaizki etorriko hizkuntza hori menderatzea, Europak bizi duen krisi latzari aterabideren bat bilatzekotan ardatz franko-germaniarrak izango baitu giltza. Angela Merkelek Sarkozyrekin osatu du azken urteetan aginte bikotea, baina orain Hollanderekin moldatu beharko du. Eta Frantziako gobernuak pausoa aldatuko duela gauza ziurra da.

Gobernuaren osaera, hain zuzen, gaur arratsaldean emango du Ayraultek. Izen dantza handia dabil, ministro nor izango ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.