Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak adierazi du bankuei diru gehiago emateko prest dagoela bere herrialdea, bankuek horretarako "beharrik" badute eta Europan adostasunik lortzen bada.
Jose Manuel Durao Barroso Europa Batzordeko presidentearekin bildu da gaur Merkel, Bruselan, eta ondoren egin ditu adierazpenok, prentsaurrekoan. "Denbora premia handia daukagu eta azkar hartu behar dugu erabaki bat".
Ordu batzuk lehenago Georg Streiter Alemaniako Gobernuko bozeramaileordeak esan du kantzillerrak "bankuen beste krisi bat eragotzi" nahi duela.
Alemaniak gaia Europako Kontseiluaren hurrengo bileran aztertu nahi du, hilaren 17an eta 18an.