Espainiako zenbait bankuk erreskatea jasoko dute. Ikusteko dago Espainiak eskatuko duen edo bankuek zuzenean jaso ahal izango duten. Alemania tarteko irtenbide baterako prest dago: Europak laguntza FROB funtsari ematea, eta hark finantza erakundeei. Hori erreskatea da? Bai, finantza erakundeena. Greziak, Portugalek eta Irlandak jaso dutenaren parekoa? Ez. Trukean Espainiak neurriak hartu beharko ditu? Bai, baina ez troikak herrialdeei eskatutakoen parekoak.
Dirua EFSF behin-behineko erreskate funtsaren edo ESM behin betiko erreskate funtsaren bidez jasoko luke FROBek. Bankuak Berregituratzeko Espainiako Funtsa da FROB.
Halako irtenbide batek gustura utziko lituzke Espainia, Alemania eta eurogunea: Espainia, herrialdeak erreskatea jaso gabe eta troikaren murrizketarik gabe finantza erakundeei laguntza eman ahal izango liekeelako; Alemania, berriz, Espainiak bitartekari lanetan aritu beharko lukeelako eta zenbait baldintza bete beharko lituzkeelako; eta eurogunea, Espainiak ohiko erreskate bat eskatzeak eragin dezakeen lurrikara saihestuko lukeelako.
Europa aukera hori aztertzen ari dela eta Alemaniako Gobernuaren babesa duela argitaratu zuen atzo hango Sueddeutsche Zeitung egunkariak. Albistea baieztatu zuten arratsaldean Financial Times-ek eta El País-ek.
Zehaztu zuten laguntzen truke murrizketa «gutxi» onartu beharko dituela Espainiako Gobernuak, eta troikako beltzezko gizonen (Europako Batzordea, EBZ eta NDF) aginduak eta kontrol zorrotza saihestuko dituela. Ordaina finantza sektorearen berregituratzea izango da: arazoak dituzten erakundeak likidatzea edo beste batzuen esku uztea. Hamaikagarren erreforma.
Kopurua jakitea falta da
Europako Banku Zentrala ere (EBZ) arazoak dituzten bankuek laguntza zuzenak jasotzearen alde dago, betiere laguntzaren truke finantza erakundeak edo gobernuak neurriak hartzera behartzen badira, Mario Draghi EBZko presidentearen esanetan.
Halako irtenbide bat onartuta ere, Espainiako finantza erakundeek diru kontuak txukuntzeko zenbat diru behar duten jakitea falta da. Bankiak etxegintzako maileguen digestioa egiteko erabili dituen irizpideak aintzat hartuz gero, 50.000 milioi euro inguru izan daitezke.
Espainiako Gobernua finantza erakundeen diru kontuen ikuskatzeen emaitzen zain dago. Olivier Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresek esango dute finantza erakundeek zenbat diru behar duten. Datuak hamar edo hamabost egun barru kaleratuko dituzte. Lehenago, datorren astelehenean, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) txostena kaleratuko du, Espainiako finantza erakundeen egoerari buruz.
«Hori guztia jakin ondoren, hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu bankuak birkapitalizatzeko», esan zuen atzo Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, Bruselan. De Guindosek ez du sorpresarik espero, arazoak finantza erakunde jakin batzuek dituztelako «eta jada tratatu ditugulako». Tratatu bai, baina konpondu ez. Gobernuak bankuei diru publikoa ematea erabaki du arazoa konpontzeko, baina dirua behar du.
EBZ eta Alemaniako Gobernua ere zenbakien zain daude. Hala esan zuten atzo Mario Draghi EBZko presidenteak eta Martin Kotthaus Ogasun Ministerioko bozeramaileak.
Ikuskaritzen beldur
Espainiako hainbat finantza erakundetako ordezkariek beldurra diete, ez kontu ikuskaritzen emaitzei, baizik eta ondorioei, Efe agentziari esan diotenez. Beldur dira Espainiako Gobernuakbankuei funts hornidura gehiago eskatzeko baliatuko dituela kontu ikuskaritzak. Hirugarren finantza erreforma bultzatzen badu ia erakunde guztiek «diru zaparrada» beharko dutela diote. Hori egiteko, jakina, Espainiak erreskatea eskatu beharko dio Europari.
EBZk ez du neurri berezirik hartuko. Ez du herrialdeen zorra erosiko zorraren bigarren mailako merkatuetan, eta finantza erakundeei ez die hiru urterako mugarik gabeko likidezia merkea eskainiko. Interes tasei %1ean eutsi zien atzo. Ez aho batez, «kontseilari gutxi batzuek» interes tasak gehiago jaitsi nahi baitzituzten.
Espainiak merkatuen azterketa izango du gaur, zorra jaulkiko baitu: 2.000 milioi euro, bi, hiru eta hamar urterako zor bonuetan. Altxorrak dio jada jaulki duela aurten luzera begira behar duen zorraren %56. Kopuru horretatik kanpo daude Bankiaren (19.000 milioi euro), gainerako finantza erakundeen eta autonomia erkidegoen premiak. FROBek 5.000 milioi euro bakarrik dauzka.
Krisia eurogunean
Alemania prest dago Espainiari ezohiko erreskate bat emateko
Europak Espainiako FROB funtsari emango lioke dirua, eta hark finantza erakundeei, ohiko erreskateen baldintzarik gabeEspainiako finantza erakundeek zenbat diru behar duten zehaztea falta da oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu