Finantza krisiari aurre egin asmoz, euroaren eremuko hamabost gobernuek bilera egin zuten atzo Parisen, eta euren herrialdeko bankuak diru publikoz laguntzeko akordioa lortu zuten. Gobernu bakoitzak norbere aldetik bideratuko du plana, baina Europako Batasunak (EB) koordinatuko du operazioa.
Alemaniako Gobernuak gaur bertan herrialdeko bankuak "salbatzeko" 400.000 milioi euroko laguntza ematea onartu du, eta Ministroen Kontseiluak eguerdian egingo du ofizial neurria. Besteak beste, banku pribatuetako akzioak eskuratuko ditu eta bankuen arteko mailegu ematea bermatuko du.
Frantziako Gobernuak, berriz, 360.000 milioi euro jarriko ditu finantza krisiari aurre egiteko, Nicolas Sarkozy presidenteak iragarri duenez. Diru horretatik gehienez ere 320.000 euro merkatua bermatzeko ipiniko ditu, hots, bankuen arteko maileguei babesa emateko eta kredituen merkatua sustatzeko. Beste 40.000 milioi euro, berriz, krisiak gehien eragin dien bankuei laguntzeko baliatuko ditu Frantziak: hondoa jotzear leudeken bankuak salbatzeko erabiliko luke. "Estatuak ez dio banku bakar bati porrot egiten utziko. Hartarako arriskurik balego, erakunde horren kontrola hartuko luke eta zuzendaritza aldatuko luke", esan du Sarkozyk.
Espainiak ere ildo bereko erabakia hartu du. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren kasuan, 100.000 euro jartzea erabaki du bankuen arteko mailegu berriak bermartzeko.
Burtsak ondo ari dira erabaki horiek hartzen. Esaterako, Frankfurtekoak (Alemania)%5,5 egin du gora denbora gutxian. Pariskoak ere gora egin du: %7,12.
Belgikan, berriz, Gobernuak Fortis eta Dexia bankuak salbatzeko 500 milioi euro erabili dituela jakin da gaur.
Atzo onartutako neurriak balekotzat jotzeko euren batzarrak egingo dituzte aurki gobernuek. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, kasu, gaur 11:30erako Ministroen Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du.
"Merkatua suspertzeko" helburuarekin, banketxeen arteko maileguak 2009 bukaerara arte bermatzea adostu dute. "Baina ez diegu bankuei opari bat egingo, baizik eta funtzionatzen jarraitzea ahalbidetuko diegu", esan zuen atzo Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta EBko Presidentziako egungo buruak.
Laguntzaren truke, banketxeei eskatu die etxebizitza eta enpresa txikien kasuan mailegu kopuruari eusteko edo handitzeko.
Ekonomia
Alemaniak bankuak "salbatzeko" 400.000 milioi euro emango ditu, eta Frantziak 360.000
Espainiak, berriz, 100.000 euro jarriko ditu bankuen mailegu berriak bermatzeko. Euroaren eremuko hamabost gobernuek bankuei laguntzak ematea hitzartu zuten atzo, Parisen egindako bileran. Bankuei eskatu die etxebizitza eta enpresa txikien kasuan mailegu kopuruari eusteko edo handitzeko. Parisko burtsak %7,12 egin du gora gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu