Alemaniak diru sarrerak %6 handitu ditu, eta defizita %0,6ra jaitsi du

Herrialdeak 2008ko lehen seihilekotik izan duen defizit publiko apalena da, iazko %3,1etik urrun

Erredakzioa
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Alemaniak defizit publikoa nabarmen jaistea lortu du, ekonomiaren hazkundeak bultzatuta. Aurtengo lehen sei hilabeteetan barne produktu gordinaren (BPG) %0,6ko defizit publikoa izan du, 2008ko lehen seihilekotik apalena. Iazko kopuruetatik oso urrun dago: %3,1ekoa urtearen lehen erdian eta %5,4koa bigarrenean. Dirutan esanda, defizita 42.800 milioi eurotik 7.200 milioi eurora murriztu du urtebetean. Gobernuaren helburua %1,5eko defizit publikoa da urte amaieran.

Ekonomiaren susperraldiak Altxorraren diru kutxak bete ditu. 562.000 milioi euroko diru sarrerak izan ditu lehen seihilekoan, iaz baino 31.900 milioi euro gehiago. Igoera %6koa da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Alemanian zergen bidez bildutako diru kopurua asko handitu da urtebetean, %8,5. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin (PFEZ) eta ondare zergarekin iaz baino %9,8 gehiago bildu dute.

Gizarte gastu gutxiago

Diru sarrera gehiago eta gastu gutxiago. Iaz baino %19,4 gutxiago gastatu du langabezia sarietan eta %12,4 gizarte laguntzetan. Diru sarrerak %6 handitu ditu; gastuak, aldiz, %0,3.

Aintzat hartu behar da Alemaniako BPG %1,3 hazi zela aurtengo lehen hiruhilekoan. Bigarrenean hazkundea moteldu egin zen, eta %0,1ekoa baino ez zen izan. Eta bigarren hiruhilekoko datuak ikusita, urte amaierarako lehen seihilekoan baino emaitza kaskarragoak espero dituzte. Hala ere, gobernuak uste du urte amaieran BPG %3ko haziko dela.

Datuek hauspotuta, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak defizita konstituzioen bidez mugatzeko eskatu die, berriro ere, euroguneko herrialdeei. Merkelen iritziz, neurri hori beharrezkoa da, Europako agintariek defizita murrizteko konpromisoak hartu bai, baina gero hitza jan izan dutelako. Alemaniak berak gainditu izan du Europarako ezarritako defizit muga. Merkelek konstituzioak aldatzea nahi du, atzeraldi garaietan herrialdeak ez direla zorpetuko ziur egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.