EUROPA

Alemaniak "ez" esan dio Greziari

Esku hutsik irten da Gianis Varufakis Greziako Finantza ministroa Alemaniatik. Wolfgang Schaueble Alemaniako finantzen arduradunak baztertu egin ditu zorra arintzeko Varufakisek egin dizkion proposamenak. "Azkeneko aldian ahal bezain urrun joan ginen", argudiatu du Schaueblek.

Wolfgang Schaueble eta Gianis Varufakis. MICHAEL KAPPELER / EFE
Iker Aranburu.
2015eko otsailaren 5a
08:54
Entzun

Greziak bigarren erreskatea jasotzearekin batera, aurretik jasotako maileguen interesak jaitsi eta ordaintzeko epeak luzatu zituzten euroguneko herrialdeek, eta inbertitzaile pribatuek zorraren erdia barkatu zioten Atenasi.

Tentsio handiko prentsaurrekoa izan da, eta desadostasun handiak erakutsi dituzte bi herrialdeetako finantzetako arduradunek. "Ez gara ados jarri ezta ados ez gaudela esatean", onartu du Varufakisek. Denbora eskatu dio Alemaniari, Greziarentzat ere onargarria den akordio bat lortzeko denbora.

Schaueblek, berriz, aurreko gobernuak hitzartutakoa betetzeko eskatu dio Greziako gobernu berriari, eta esan du Atenasek azken egunotan egindako urratsak "okerreko norabidean" doazela. Greziari laguntzeko prest azaldu da, baina hark konpromisoak betetzen baditu: "Soilik lagun diezaiekegu beren burua laguntzen dutenei".

Alemaniak oso begi txarrez hartu ditu Alexis Tsiprasen gobernu berriaren lehen iragarpenetako batzuk, hala nola portu eta aireportuen pribatizazioak geratuko dituela, gutxieneko soldata aurreko mailara igoko duela berriro, pentsiodun pobreenei aparteko sari bat itzuliko diela, eta kaleratutako milaka langile publiko berriro hartuko dituela. Horiek Alexis Tsiprasen hauteskunde kanpainako promesak izan ziren. "Ez du ezer okerrik agindutakoa betetzea, baina promesa horiek beste batzuen kontura direnean, ez dira errealistak", argudiatu du Schaueblek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.