Greziak bere hirugarren erreskate programa gertuago dauka Alemaniako parlamentuak argi berdea eman diolako negoziazioei. Angela Merkelek erraz lortu du Bruselan negoziatutako proposamena aurrera ateratzea, nahiz eta bere talde parlamentarioko hamarnaka batzuk ezezko botoa eman. 439 aldeko boto, 119 aurka eta 40 abstentzio egon dira. Atzo CDU eta CSUko 48 diputatuk ezezkoa bozkatuko zutela iragarri zuten, eta haietako askok mehatxua bete dute, beraz. Horiek horrela, Merkelek Greziaren hirugarren erreskatea negoziatzeko Bundestajen mandatua dauka jadanik.
Euroguneko herrialdetako parlamentuetan Bruselan Greziari hirugarren erreskatea emateko proposamena bozkatzen ari dira aste honetan. Asteazkenean Alexis Tsiprasek ere aurrera atera zuen bere herrialdearentzat austeritate gorena ekarriko duen programarako baldintzen bozketa. Europako bazkideek, Angela Merkel buru zela, erreforma gogorrak egiteko baldintzak ezarri zizkioten Atenasi, hirugarren erreskatea negoziatu ahal izateko. Syrizaren barruan matxinada ekarri du Europako akordioak, eta ikusteko dago Tsiprasen gobernuak asko irango duen, eta nola gobernatu behar duen aurrerantzean.
Baina Atenasek —oposizioari esker— Bruselak exijitutako neurri drakonianoak onartzea seinale bat izan da beste herrialdeentzat, eta hauek aste osoan ari dira erreskate proposamena bozkatzen parlamentuetan. Gaur bertan, Austriako gobernuak negoziatzeko baimena eskuratu du legebiltzarrean. Werner Faymann kantzilerrak Europan gero eta zabalduagoa dagoen ustea jakinarazi du: mahai gainean dagoen erreskateak ez diola soluzioa ekarriko Greziari; "baina lehen urrats bat da".
Wolfganag Schauble Alemaniako Finantza ministro ahaltsua da Greziaren hirugarren erreskatearekin eszeptikoena. Atenas eurotik kanpo egotea benetako aukera dela garbien helarazi duen mandataria da. Grexit-a ez da tabua harentzat. Negoziatzeko bidean den erreskatea Greziaren arazoa soluzio bidean jartzeko "Europaren azken saioa" dela esan du; "izugarri zaila izango den lana dugu aurretik". Merkelek berak Bruselako akordioa greziarrentzat "gogorra" dela esan du gaur Bundestajen. Kantzilerrak gaineratu du bere gobernuak ezin zuela utzi Europako itunak urratzea —zorraren kita—, baina, aldi berean, ezin zuela utzi Grezia "odolusten", herrialdea "kaos eta indarkeria egoeran" eroriko zelako.