Hego Euskal Herriko lan merkatua ez bezala, Alemaniako hazi egin da azken urte eta erdian. Ostegunean Frank Juergen Weise Enplegu Agentzia Federaleko buruak jakinarazi zuenez, 2,97 milioi lagun daude lanik gabe, kopururik txikiena 1992az geroztik. Langabezia tasa %7,1ean geratu da.
Langabezia baino, eskulan eskasia da arazoa Alemaniako industria askorentzat. Esportazioen handitzeari aurre egiteko trebatutako langileak falta dira hainbat enpresatan. Arazo horren konponbidea bidean izan daiteke. Izan ere, bihartik aurrera Europako Batasuneko erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetako biztanleek Alemanian ere lan egiteko eskubide osoa izango dute. Alemania eta Austria izan dira ekialdeko auzoetako langileei mugak ireki dizkieten EBko azken estatukideak. Emigrazio olde handi baten beldur ziren, eta sindikatuak ere uzkur zeuden, etorkin berriekin soldatak asko jaitsiko zirelakoan. Alemaniara iritsiko diren langile poloniar, errumaniar edo bulgariarren kopuruaz ez dago adostasunik: 140.000 izango direla diote batzuek, eta 800.000 besteek .
Alemanian, hiru milioitik behera dira langabeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu