Zorraren krisia. Europa

Alemaniaren antz handiagoa, krisitik ateratzeko

Euroguneko herrialdeek iragarritako neurri sorta onartu dute, politika ekonomikoak bateratzeko eta zorraren krisiari erantzutekoAlemaniak murrizketak hartzera behartuko ditu, bere laguntza handitzearen truke

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko gobernuburuek herrialdeentzako erreskate funts iraunkorra sortu dute; indarrean dagoena handitu egin dute; herrialdeen lehiakortasuna hobetzeko eta aurrekontuak kontrolatzeko konpromisoak bultzatu dituzte; eta bankuen sendotasuna neurtzeko estres testak egingo dizkiete. Iragarritako neurriak dira, baina atzo eta herenegun onartu zituzten, Bruselan. Europako agintari guztiek nabarmendu zuten neurri horiek funtsezkoak direla zorraren krisiaren ondorioak saihesteko eta herrialdeen eta euroaren etorkizuna bermatzeko.

Angela Merkelek ere esan zuen neurriak ezinbestekoak direla, baina Alemaniako kantzilerra urrunago joan zen eta urtebeteko bidea argi eta garbi laburbildu zuen: «Krisia hasi zenetik herrialde askoren pentsamoldea aldatzea lortu dugu».

PIGS (txerriak, ingelesez) herrialdeak aipatu zituen: Portugal, Irlanda, Grezia eta Espainia. Italia ere gehitu zezakeen. Pentsamoldea aldatu-ren ordez, alemaniartu ere esan zezakeen. Alemaniak, behin eta berriz gogorarazi duenez, ez baititu ordaindu nahi Europa hegoaldeko herrialdeen gehiegikeriak eta axolagabekeriak. Eta ordaintzekotan, neurriak hartzearen truke. Europako agintariek egokitze planak edo erreformak deitzen diete, herritarrek murrizketak.

1. Euroaren Ituna

Teorian, euroguneko herrialdeen politika ekonomikoak bateratzeko eta lehiakortasuna handitzeko ituna da. Praktikan, ordea, Alemaniak jarritako baldintza izan da, behin-behineko erreskate funtsa handitzeko, berak diru gehiago jarri behar izateko.

Alemaniak herrialdeak murrizketak hartzera behartu nahi izan ditu, desorekak gutxitzeko. Alemaniaren antz gehiago izateko, finean. Onartutakoa Alemaniarena baino proposamen samurragoa da. Herrialde erabakiko dute ze konpromiso hartu urtero. Proposamenen artean daude soldaten gorabeherak produktibitatearen araberakoak izatea; sektore publikoko soldatak sektore pribatukoei egokitzea; negoziazio kolektiboa berrikustea; flexisegurtasuna bultzatzea; lan errentei zergak murriztea; erretiro adina bizi itxaropenari lotzea; eta erretiro aurreratuak mugatzea.

2. Erreskate funts iraunkorra

Europako Egonkortasun Tresna (ESM) izango da, EFSF behin-behineko funtsaren ordezkoa. 2013ko ekainetik aurrera egongo da indarrean. Laguntza eskainiko die merkatuetan dirua lortzeko arazoak dituzten Euroguneko herrialdeei, beti ere «eurogunearen egonkortasunari eusteko ezinbestekoa bada». Hori bai, herrialdeek murrizketa programa zorrotzak aplikatu beharko dituzte laguntzaren truke, «bere desorekaren larritasunaren parekoa». Greziak eta Irlandak badakite.

Bi modu izango ditu herrialdeei laguntzeko: alde batetik, maileguen bidez, EFSFk egiten duen moduan; bestetik, herrialde baten zorra erosiz, zorraren lehen mailako merkatuan. Bigarren aukera hori oso garrantzitsua da, arazoak dituzten herrialdeek horixe eskatu baitute, beren zorraren interesa onartezina deneanmerkatuaren presioak saihestu eta dirua merkeago lortzeko.

ESM 700.000 milioi euroko funtsa izango da, 80.000 milioi euro dirutan eta 620.000 milioi euro bermeetan. Diru horretatik guztitik 500.000 milioi euro izango ditu herrialdeei uzteko moduan. Laguntza herrialdeak eskatu behar du eta Euroguneko herrialdeek aho batez hartu behar dute erabakia.

Funts berriaren berrikuntza nagusietako bat da hartzekodun pribatuei erreskatean laguntzeko eskatuko dietela. Murrizketa plan bat onartuta ere herrialde baten zorraren maila eutsiezina izango dela pentsatzen badute, hartzekodun pribatuei zorra gutxitzeko planetan parte hartzeko eskatuko diete; erreskatea jasotzeko ezinbestekoa izango da hartzekodunen «konpromiso nahikoa».

3. Behin-behineko erreskate funtsa

2013 arteko behin-behineko erreskate funtsa, EFSF, handitu egingo dute. Berez herrialdeek jarri beharreko kopurua 440.000 milioi eurokoa da, baina horietatik 250.000 bakarrik utz ditzakete. Handitu egingo dute, diru guztia utzi ahal izateko. Ekaina baino lehen onartuko dute aldaketa.

4. Kontrola, zigorrak

Defizita, zor publikoa eta gastu publikoa kontrolatzen ez dituztenei zigorrak ezarriko dizkiete. Baita desoreka makroekonomiko izugarriak dituztenei ere. Zigorrak herrialdearen BPGaren %0,2 artekoak izan daitezke. Zor publikoaren kasuan BPGaren %60 baino handiagoa bada, urtero hogeiren bat murriztu beharko da.

Europako aginte ekonomikoa indartu nahi dute, sei ekimen legegileren bidez. Urte amaierarako onartzea espero dute.

5. Estres testak

Aurten berriro neurtuko dute baldintza ekonomikoak okertuz gero finantza erakundeek aurre egiteko duten gaitasuna. Ekainean jakingo dira emaitzak. Europako Bankuen Agintaritzak, iazko frogen sinesgarritasun falta ikusita, esan du aurtengoak gogorragoak direla. Ez dela hala erantzun diote hainbat adituk. EBAk oraindik ez du zehaztu zer nolako kapital premiak eskatuko dizkien finantza erakundeei beren sendotasuna neurtzeko. Eta emaitzak neurgailuaren araberakoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.