Altsasuko Arfe enpresa itxiko dute, eta 157 langile geratuko dira kalean

Lan egindako urte bakoitzeko hogeita bi eguneko kalte-ordaina jasoko dute langileek, gehienez urtebetez

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Ekoizpena eten eta lan talde osoa kaleratzeko erregulazio eskaera aurkeztu du Altsasuko Arfe enpresak. Enpresa historiko bat gutxiago eta beste 157 langabe, lehendik ere nahikoa gaizki dagoen eskualde batentzat. Krisia hasi zenetik industria sektoreko enpresa esanguratsu batek baino gehiago itxi ditu ateak Sakanan, eta dagoeneko %20ko muga gainditu du eskualdeko langabezia tasak.

Isphording Hispaniak, Ufesak edota Gamesaren fabriketako batek bezala, Arfek ere ezin izan dio aurre egin krisiari. Berrogeita sei urteko ibilbidean gorabehera bat baino gehiago izan ditu kutxa gotorren eta postontzien fabrikazioan espezializatutako enpresa horrek, eta guztiak gainditu ditu, azkenekoa izan ezik. Hala, kaudimengabe deklaratu eta Konkurtso Legera jo zuen orain aste batzuk, eta harrezkero, epaileak izendatutako administratzaile batzuek dute hura kudeatzeko ardura. Enpresa likidatu eta, ahal den neurrian, hartzekodunekin dituen zorrak kitatzea da haien lana.

Baina, hartzekodunekin ez ezik, langileekin ere zorretan dago enpresa, iragan urriaz geroztik ez baitie zentimorik ordaindu. Hori horrela, administratzaile taldeak eta LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek kontratuak behin betiko hausteko erregulazio espedientea sinatu zuten iragan astelehenean, ezinbesteko urratsa langabezia saria lehenbailehen jasotzen hasteko. Kaleratzeagatik dagokien kalte-ordaina, berriz, Fogasari eskatu beharko diote, enpresak ez baitu horretarako baliabiderik.

Lan egindako urte bakoitzeko hogeita bi eguneko kalte-ordaina jasoko dute ia denek, gehienez hamabi hilabetez. Gutxi batzuek, baina, ordain handiagoa jasotzeko aukera izango dute: lan egindako urte bakoitzeko hogeita hamar eguneko ordaina, gehienez hamabost hilabetez. Izan ere, enpresaren arduradunek langileen ordezkariekin hitzartu dutenaren arabera, hamar bat lagunek lanean jarraitu beharko dute denbora batez, enpresa likidatzeko zereginetan administratzaileei laguntzen. ELAk ez du akordioa babestu, «erabat baztertzailea delako». Lehen mailako eta bigarren mailako kalte-ordainak ezartzea bidegabea dela uste du, «guztiek eskubide berak dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.