Gamesak Altsasuko (Nafarroa) fabrika itxi eta 150 langile kaleratuko dituela jakinarazi duela-eta, enpresako Langileen Batzordeak ostiral honetarako erabakiaren aurkako greba eguna deitu du eta manifestazioa ere antolatu du. Langileek adierazi dute Gamesako nagusiekin hitz egin nahi dutela, lantokiaren itxiera saihesteko asmoz.
10:30ean hasiko da etziko manifestazioa, Gamesak Sarrigurenen daukan egoitzatik, eta Iruñean amaituko da, Nafarroako Jauregiaren aitzinean. Hilaren 12an beste manifestazio bat egingo dute, Altsasun, 19:00etatik aurrera.
Ubaldo Sola Langileen Batzordeko lehendakariaren ustez, "itxierak ez du justifikaziorik inola ere", eta enpresak diru irabaziak baino ez ditu buruan. Gamesak 2009an 114,6 milioi euroko etekinak izan zituela azpimarratu du Solak gaur, hedabideen aurrean. "Enpresa bideragarria da", haren ustez, eta Nafarroako Gobernuari auzian parte hartzeko eskatu dio.
Enpresak Altsasuko, Albeceteko eta Miranda Ebroko (Espainia) lantegietan haize errotetarako G-52 motako palak egiten ditu. Gamesak esan duenez, ekoizpen gaitasuna eskariaren beharretara egokitzeko neurri bat da hartu duena.
ekoNOMIA
Altsasuko Gamesako Langileen Batzordeak greba deitu du etzirako
Ostiralean bertan eta hilaren 12an manifestazioak egingo dituzte. Enpresak jakinarazi du Altsasuko fabrika itxi eta 150 langile kaleratuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu