Amaiur koalizioak Espainiako Gobernuari eskatu dio "berehala argitu" dezala "zein diren erreskatearen baldintzak, zein den letra txiki hori", eta garbi du erreskatea ez dela "zama euskal ekonomiarentzat soilik, baita euskal herritar bakoitzarentzat ere”. Izan ere, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina Amaiurreko diputatuek gaur Gasteizen esan dutenez, Hego Euskal Herriko familia bakoitzari sei mila euro kostatuko zaio Espainiak Europatik jasoko duen erreskatea.
Espainiak aurki 62.000 milioi euroko erreskatea eskatuko dio Europari, banka sistema kapitalizatzeko asmoz. "Baina zer da gero datorrena?", galdetu dute Iñarrituk eta Larreinak. Oraingoz, EAEk kupoaren %6,24 bideratuko du erreskatearen ondorioak estaltzera, Nafarroak %1, Amaiurren arabera.
"Ongizate estatua jokoan" dagoela deritzote, eta Euskal Herriak burujabetza behar duela azpimarratu dute.