Amaiur koalizioa osatzen duten lau alderdientzat egoera ekonomikoari aurre egiteko beharrezkoa da erakunde publikoen aldetik «errotiko plan» bat egitea. Horregatik, ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta Alternatibako ordezkariek proposamen «zehatzak» aurkeztu dituzte, eta proposamen horiek «inflexio puntu bat izango dira» Espainiako Gobernuaren politikak dakarren «gainbehera geldiezinaren aldean». Haien ustez, «borondate politikoa baino ez da behar» Nafarroako Gobernuak etahiru foru aldundiek 1.000 milioi euro gehiago lortzeko. Dirukopuru horrekin, «sektore publikoaren, gastu sozialaren eta zerbitzu publikoen aldeko apustu garbia» egin ahal izango litzateke, Marije Fullaondo ezker abertzaleko kideak azaldu duenez. Proposamenen artean dago funts bat sortzea, nekazaritzari eta produkzio sistemari laguntzeko, eta herri lan handien eraikuntza etetea.
Diru hori lortzea «erraza» dela ziurtatu du Fullaondok. Lehen bidea zerga erreforma «sakon eta bidezko» bat egitea dela uste dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz hartu zituen neurriek beste bide bat zabaldu zutela adierazi du Fullaondok. PFEZa, oinordetza eta dohaitzen gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga aldatuz, aurten 120 milioi euro gehiago biltzea espero du Gipuzkoako Aldundiak. Bizkaiko eta Arabako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak antzeko neurriak hartuko balituzte, guztien artean 500 milioi euro gehiago bildu ahal izango liratekeela kalkulatu dute.
Bildu nahi duten diru kopuruaren beste erdia, berriz, une honetan eraikitzen ari diren azpiegitura handiak atzeratutakoan lortu ahal izango litzateke, «berehala». Proiektu horietarako, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «gutxienez» 500 milioi euro eman dituzte aurten. Diru kopuru hori «beste bide batean gastatzeko eta inbertitzeko» proposamena egin dute Amaiur osatzen duten taldeek.
Baina diru gehiago metatzeko aukerak azaltzeaz gain, Hego Euskal Herrian bestelako ekoizpen eredu bat sortu beharra ere aldarrikatu dute. «Gaur egun elikagai asko inportatzen ditugun arren, bertoko nekazaritza gutxietsita dago, arrantza ahaztuta, eta industriak bultzada behar du birsortzeko». Egoera horri aurre egiteko, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) areagotzea eta ehun produktiboa berritu eta birsortzeko inbertsio funts «handi» bat garatzea proposatu dute. Diru poltsa horren bidez gizartearen onura ekartzea, enplegua sortzea, ingurumena defendatzea, energia aurreztea eta «balio handiko sektoreak» sustatzea izango litzateke helburua.
«Banku nazionala»
Baina funts horretaz gain, enplegua sortuko lukeen eta herritarren onura bermatuko lukeen banku nazional bat proposatu du koalizioak. «Kutxabank pribatizatzeko saioei uko egin behar zaie». Banka publiko horrek «kontsumo sostengaezinean oinarritzen den eredua eraldatzeko tresna izatea» izango luke oinarrian, Fullaondok adierazi duenez.
Amaiurreko alderdien arabera, «erraza» da 1.000 milioi euro gehiago lortzea
Herri lan handiak eten nahi dituzte, eta funts publiko bat sortu, ehun produktiboari laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu