Tabakoa erre izan ote duten galdetu beharrean, medikuek lan bizitzaren inguruan galdetzen hasi beharko lukete». Patxi Kortazar Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kidearen hitzak dira. «Amiantoaren ondorioz sortutako zenbat gaixotasun ez ote dira tabakoaren aitzakiarekin estali?», dio. Bere familian izan zuen antzeko kasuren bat, eta orain bera ere amiantoaren biktima da. 2006. urtean izan zuen gaixotasunaren berri, eta urte horretan bertan sortu zen Asviamie elkartea ere. «Prentsan irakurri nuen haien inguruan, eta elkartearekin harremanetan jarri nintzen», dio. Orduz geroztik, Asviamie elkartean egiten du lan Kortazarrek.
Elkartea sortu zen unetik, amiantoaren ondorioz gaixotutako pertsonak laguntzen, aholkatzen eta heriotza kasuak zenbatzendihardu Asviamiek. Lortu dituzten datuen arabera, 2010. urtean 24 pertsona hil ziren amiantoaren ondorioz, eta 2011n, oraingoz, lau pertsonak galdu dute bizia. «Hala ere, guk amiantoaren ondorioz hil diren pertsona hauek zenbatu baldin baditugu ere, gehiago egongo dira. Izan ere, amiantoarekin lan egin duten pertsona askok ez dute frogarik egin nahi izaten». Besteak beste, ez dutelako jakin ere egin nahi, «denetarik topatzen delako», dio.
Amiantoarekin lan egin duten pertsonen zerrenda bat ere osatu nahi dute Asviamieko kideek. Osalanek daukan zerrenda baten arabera, 1.290 pertsonak egin dute noizbait amiantoarekin lan, «baina zerrenda hori ez dago osatuta, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 25.000 langile inguruk egin baitute lan amiantoarekin», Kortazarren arabera. Zerrenda osatzeko, erretiratuen elkarteetan galdetzeko asmoa daukate Asviamie elkarteko kideek, eta ondoren zerrenda hori Osalani bidaltzekoa, datu base modura erabil dezaten.
Horretaz gain, Bizkaiko herrietan amiantoaren mapa bat ere garatu nahi dute, «material hori leku askotan dagoelako, eta pixkanaka erretiratu behar delako». Gaur egun, horrelako mapa bat duen Bizkaiko udalerri bakarra Basauri da, eta gainerako herriek eredu hori har dezaten nahi dute.
Laguntzak jasotzeko arazoak
«Mutualitateek ez dituzte amiantoaren biktimak gaixotasun profesional modura onartu nahi, arazo honekin ez baitaukate xentimorik ere gastatzeko asmorik», dio Kortazarrek. «Lortu izan ditugun kalte ordain guztiak epaitegi bidez izan dira», zehaztu du. Mutualitateek amiantoaren biktimak gaixotasun profesional modura onartuko balituzte, «kasu asko agertuko lirateke, eta diru asko da hori. Horregatik ez diote izendapen hori eman nahi». Edozein moduz, Asviamie elkartearen aldarrikapen nagusia ez da mutuei begirakoa, Espainiako Gobernuari begirakoa baizik.
1968. urtean mesotelioma gaixotasun profesional izendatu zuen Espainiako Gobernuak—gaixotasun hori, batez ere amiantoaren ondorioz agertzen da—. Hala ere, amiantoa 2002. urtera arte erabiltzen jarraitu zen. «Konpentsazio funts bat eskatzen diogu Espainiako Gobernuari. Frankismoaren ondoren egon diren gobernu guztiek jakin bazekitelako amiantoak gaixotasun ugari sor zitzakeela», dio Kortazarrek. Amiantoaren ondorioz gaixotzen diren pertsonak, gainera, askotan babesik gabe geratu ohi dira, «lan egin zuten enpresakitxita daudelako, Ezkerraldeko langile askori gertatu zitzaien moduan».
Amiantoa, bizirik dagoen arazoa
Amiantoak sortutako gaixotasunen ondorioz, 24 hildako zenbatu zituen Asviamie elkarteak 2010ean. Espainiako Gobernuari konpentsazio funtsa sortzeko eskatzen diote, gaixoak babesik gabe gera ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu