Lan osasuna

Amiantoaren biktimak laguntzeko elkartea sortu dute Nafarroan

Elkarteko ordezkari gehienak Sunsundegui eta Luzuriagako langileak dira, eta amiantoarekin lan egin izan duten behargin guztiei laguntzeko helburua dutela zabaldu dute.

Adavan elkarteko kideak, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2018ko maiatzaren 16a
14:31
Entzun

Oraingoz, 3.000 langile daude izen emanda amiantoaren aurkako protokoloan, baina sortu berri den Adavan elkarteko kideak ziur daude gehiago direla. Horregatik, amiantoak kalte egindako pertsona guztiei dei egin diete elkarteko bazkide izatera, [email protected] helbidera idatzita.

Elkartea prest dago Nafarroako kaltetuei laguntza emateko, eta behar den informazio guztia zein aholkularitza zerbitzua emateko. Era berean, banaka zein taldeka onurak eskuratzeko borrokan laguntzeko prest dira, eta, gaur egun kaltetu asko epaitegietara jotzeko tenorean direla-eta, prest dira laguntza emateko ere. 

Elkarteko kideek salatu dutenez, lan munduan oso zabaldua izan da amiantoaren erabilera, baina, gaixotasun profesionalen erregistroan, "oso gutxi" dira haren erabilerari lotutako kalteak. "Enpresek, mutuek eta prebentzio zerbitzuek jarrera oztopatzailea izan dute", esan du Josune Bengoetxea elkarteko kideak.

Besteak beste, eskatzen dute amiantoarekin harremana izateagatik gaixo diren langileei gaixotasuna aitortzea; eta haiei edo familiei diru laguntzak edo kalte-ordainak berehala onartzea, eta ez orain arteko "erromesaldi luzea iragatera behartzea". Zehaztu dutenez, auzitara jotzeko urratsa egiten duten langile ohi askok aldeko epaia edo hitzarmena izaterako hil egiten dira.

Era berean, eskatu dute azterketa mediko bereziak egitea amiantoa erabili dutenei edo beharrezko den legedia onartzea langileak aurretiaz erretira daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.