Amiantoaren biktimei ordaina emateko funtsa eskatu dute sindikatuek

Material kutsagarriaren aurkako borrokaren buruan jartzea exijitu diote ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
ELA, CCOO eta LAB sindikatuak bat datoz amiantoaren biktimei ordaina emateko funts baten sorreran. Sindikatu abertzaleek, gainera, material kutsagarriak eragingo dituen ondorioen kontrako borrokaren buruan jartzea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari.

Eusko Legebiltzarrak joan den abenduan sortu zuen amiantoaren biktimen egoera eta konpentsazio funts baten balizko sorrera aztertzeko lantaldea. Atzo, hiru sindikatuko ordezkariak izan ziren ganberan. Denek babesten dute funtsa, baina ñabardurak daude euren artean.

Leire Txakartegi eta Leire Heredia ELAko ordezkariek adierazi zuten funtsa «ezinbestekoa» dela, batez ere, amiantoarekin lan egin zuen enpresa desagertu bada. ELAk uste du enpresek finantzatu behar dutela, baina, ondoren, administrazio publikoek osatu beharko lukete kalte-ordainei aurre egin ahal izateko behar beste diru. «Funtsa erabiltzeak ez du esan nahi enpresak prebentzioan zuen ardura bertan behera geratuko denik». ELAren arabera, gutxienez 159 lagun hil ditu amiantoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta azken 30 urteotan 25.000 lagunek lan egin izan dute material kutsagarri horrekin.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari «ardura politikoa hartzea» eskatu zioten Txakartegik eta Herediak, «konpromiso txikiegia duelako». Besteak beste, Osalanek gaixotasun profesional salaketa guztiak ikertzea nahi du ELAk.

Erabilera «masiboa»

Jaurlaritzaren lanari egindako kritikarekin bat egin zuen Ibon Zubiela LABeko lan osasun alorreko arduradunak. «Borroka honen lidergoa hartu behar du, beste erakundeek zer egiten duten axola gabe».

Biktimentzako konpentsazio funtsarekin ados badago ere, amiantoaren «erabilera masibo eta kontrolaezinari» aurre egiteko bestelako neurri asko martxan jarri beharko lirateke. Zubielaren ustez, amiantoa ekoitzi eta erabili zuten enpresek jarri beharko lukete dirua. «Kutsatu eta jendea gaixotzen duenak ordaindu behar du». Funtsa zuzenean kudeatu ahal izateko, Gizarte Segurantzaren eskumena Jaurlaritzaren esku egotea exijitu zuen LABek Legebiltzarrean.

CCOOk, berriz, funtsaren dirua mutualitateek dituzten soberakinetatik hartzea planteatu zuen, baina horretara jo aurretik ahal duten langileek egondako enpresara jo behar dutela uste du. Jesus Uzkudun lan osasunerako idazkariaren aburuz, «etsigarria» litzateke Legebiltzarrak funtsaren sorrera ez bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.