Amiantoaren biktimek urrun ikusten dute gaixoentzako funtsaren sorrera

CCOOk neurriak eskatu ditu, laneko gaixotasunak mutualitateek artatzeko, eta ez Osakidetzak

Asviamieko kideak, atzo, Donostia ospitalearen aurrean, amiantoari buruzko eskuorriak banatzen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna etzi izango da. Amiantoa da azken urteetan langileen osasunari kalte gehien egin dien produktuetako bat. Datozen urteetan, haren eraginez gaixotutako milaka kasu berri berri agertzea espero da. Asviamiek, amiantoaren biktimen elkarteak, elkarretaratzea egin zuen atzo Donostia Ospitalearen aurrean. Kaltetuei laguntza emateko funtsa sortzea da elkartearen eskaera nagusietako bat, gaixoen nahiz haien senideen beharrei lagunduko liekeelako. Alabaina, uste du martxan jartzea oraindik «asko kostako» dela.

Azken asteotan,funts horren sorrerari buruz eztabaidatzen ari da Eusko Legebiltzarra. Joan den astean, Confebaskeko ordezkariek egin zuten agerraldia. Patronalak esan zuen ados dagoela amiantoarekin gaixotutakoei kalte-ordainak emango dizkien funtsa martxan jartzearekin, hainbat herrialdetan ondo funtzionatu duelako. Dena den, Administrazioak finantzatu behar lukeela uste du, eta ez enpresarioek, 2002ra arte amiantoaren erabilera ez zegoelako galarazita. «Legearekiko nahiz Gizarte Segurantzarekiko erantzukizuna bete dutenek ez dute zertan funtsera ekarpenik egin», esan zuen Jon Bilbao Confebaskeko idazkari nagusiaren ondokoak Legebiltzarrean.

Lehentasuna, gaixoak

«Pilota elkarri pasatzen ari dira. Aurrena esan zuten funtsa hemen sortuko zutela, gero Madrilen. Kontu serioa da: munduan hilkortasun handiena eragiten duen zerbaiti buruz ari gara», dio Eva Gonzalez Asviamieko kideak. Orain lau hilabete hil zitzaion aita, amiantoak eragindako pleurako mesotelioma baten eraginez. Argi du zein den Asviamieren lehentasuna. «Gaixoek bizi kalitate ona izatea eta familiei ahalik eta gehien laguntzea». Jendearen ezjakintasuna aipatu du. «Gaixoek arnasa hartzeko arazoak dituzte eta ezin dute bizimodu normala egin. Mutualitateei ordaintzea dagokie eta eskaintza piloa dituzte, adibidez, etxeak moldatzeko, baina jendeak ez daki».

Elkarteak ahalegin handia egiten du ahalik eta jende gehienarengana iristeko, baina lan nekeza dela aitortu du. «Zeuri tokatu arte ez zara jabetzen. Guk nahi dugu jendeak jakitea hor gaudela laguntzeko eta behar den guztirako». Azken urteetan aurrera pausoak eman direla adierazi du, gaitza aitortzeko orduan esaterako. «Pleurako mesotelioma dagoenean, esaterako, frogatuta dago amiantoarengatik dela». Hala ere, oraindik asko dagoela egiteko kontatu du. «AEBetan oraintxe frogatu dute bihotzeko gaitzbatzuk amiantoagatik direla. Gauza asko pilatzen dira. Horregatik, elkartu egin behar dugu sindikatu guztiek, abokatuek, epaitegietako jendeak, eta gai hau guztia baloratzen hasi».

Gonzalezen esanetan, denbora izaten da gaixoen etsai nagusia. Enpresek auzitara jo ohi dute, gaitza ez dela lanak eragindakoafrogatzen saiatzeko. Epaiketak egin arte lauzpabost urte pasatzen direla kontatu du. «Normalean jendea urtebetean edo bian hiltzen da. Beraz, askoepaitegiek laneko gaixotasuna aitortu aurretik hiltzen dira. Guk ez dugu nahi alargun edo seme-alaba aberatsik, nahi duguna da gaixoak ahalik eta ondoen bizitzea». Halako kasuak saihesteko, amiantoaren biktimentzat epaitegi espezifiko bat sortzea izan daitekeela aukeretako bat uste du, «milaka kasu berri agertuko direlako».

MC Prevencionen aurrean

Laneko gaixoen «ezkutatzea» amaitzeko eskatzeko protesta egin du Euskadiko CCOOk ere.MC Prevencion mutualitatearen aurrean elkartu dira. «Iaz, laneko gaixotasun susmoen %0,02ren berri bakarrik eman zuen», salatu du Jesus Uzkudun sindikatuko lan osasunerako arduradunak.

Sindikatuaren esanetan, neurriak hartu behar dira laneko gaixotasunak mutualitateetan aitortzeko nahiz artatzeko, eta ez Osakidetzan. «Hala asko aurreztuko litzateke». Mutualitateek gaixoaldian diren langileei egiten dieten «jazarpena» ere salatu du. Horrez gain, esan du minbizia eragiten duten produktu asko ez direla ordezkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.