Bi mila eta zortziko crash-a. Lerroburu handia, izugarria, irakurri nuen larunbatean. Izua eragiten duen horietakoa. Batzuetan hedabideok ekonomiaren alor psikologikoan batere ez dugula laguntzen eta suari erregaia botatzen diogulakoan nago, baina hortik haratago, pellokeria galanta botatzera noa. Igotzen dena jaisten da, eta jaisten dena igo. Tontakeria handiagorik! Bainaatzean dagoena hori da. Crash egiteko aurretik boom egin behar delako.
Duela hiruzpalau urte burtsako komentario batzuk egiten nituen Egitura gehigarrian, sui generis samarrak, egia esan. Hasieran, astean gertatukoari buruz komentarioak egitetik, pixkanaka burua gehiago altxatu, eta etorkizunerantz begiratzea otu zitzaidan. Inondik ere aditua ez izan arren, ahalegin horretan Estatu Batuetako ekonomista batek (Morgan Stanleyko Stephen Roach) zioena hartu nuen erreferentzia gisa maiz. Hark egiten zituen irakurketa guztiak laburbiltzea zaila den arren, sinple esanda, AEBetako ekonomia bere aukeren gainetik bizi zela ohartarazten zuen. Gehiegizko zorpetzean oinarritua zegoela. Erreserba Federalaren politika okerraren ondorioz, iragan hamarkadako burbuila teknologikoa etxebizitzara iragan zela. Eta festa hura guztia, inoiz, ez oso berandu, amaitzera zihoala.
Bakoitzari berea. Ekonomista hark eta beste bakan batzuek munduari eta merkatuei «kontuz, erregea biluzik dago» zioten.Baina inork ez zien jaramonik egin. Ezkorregiak ziren. Eta oraindik ez genekien ezer subprimeei buruz, ez credit swap default-ei buruz, ez beste hainbat finantza produktu eratorriri buruz. Zerbaitegatik baitaude bankuak elkarren artean hain mesfidati eta beldurti.
Espainiako La2 telebista kateko dokumentalak gogoan, maiz, erdeinuz, burtsak ñu saldo batekin alderatu izan ditut. Esango dut zergatik. Burtsaren komentarioak idazten nituenean, Ibex-35 indizea 8.000-9.000 punturen mailan zebilen, eta garai baikorrak ziren, baikorregiak. Haizea alde, ekonomia handitzen,irabaziak puzten... Zer, nor, ausartuko zen burtsa eta beste merkatuak geldiarazten? Han zegoen petrolioaren merkatua, baina urre beltza ez zen gai ñu saldoak geldiarazteko. Panorama hartan, Europako burtsentzat AEBetako ekonomiak eta batez ere Wall Streetek duten eragin ia txundigarriaren jakitun, zentzu logiko bat ezarri eta ekuazio hartan gehiegikeriak ahazten ari zirela uste nuen. Burtsek, bere goranzko arrapaladan,hazkunde eta irabazi ia amaigabeko larreekin txundituta zeuden, baina era berean ez zituzten kontuan hartzen AEBetako eta hemengo gehiegikeriak. Kokrodiloz betetako ibaiak zeharkatzeazahaztu ziren.
Burtsako komentarioak egiteari utzi nion, baina hor jarraitu zuen, nire harridurarako, Ibex-35ak 10.000 puntutik gora, 11.000tik gora, 12.000tik gora, 13.000tik gora, 14.000tik gora, eta iaz azkenik 15.000tik gora. Bejondeiela. Eta iragan astean crash egin zuen. 9.000 puntutara iritsi zen. Baina non dago benetako krisia: orain ala iraganean?
Burtsen epemozkeriaren adibide garbiena ikusi dugu bi egunotan.Gobernuak finantza sistema sostengatzeko prest direla ikusi dute, eta, pozarren, arazoa konponduta balego bezala erreakzionatu dute. Irabazien larreez gogoratu dira. Erotzeko modukoa. Finantza krisia, konfiantza krisia soilik balitz, eta, hein batean, hala da, gaitz erdi; baina nago, krokodiloen haginkadak agertu orduko, itzuliko dela izua. Krisi hau ez baita epe laburrekoa. Erronka botako diofinantza sistemari, ekonomia errealari eta gizarteari.
Baina, lasai, burtsak gora egin edo behera egin, beti ibai nahasian arrantza egiten duten horiek etorriko zaizkigu: «Elkarri eskua emateko garaia da, gerrikoa estutu behar da...». Jada hasi dira. Niri horiek ematen didate beldurra.
ANALISIA. Benetako krisiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu