ANALISIA. Erreserba Federalaz eta Realaz

joxerra senar
2006ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ben Bernankek Erreserba Federala presidentetza hartuko du gaur, eta atzo Gonzalo Arkonadak Reala entrenatu zuen lehen aldiz. Barkatuko ahal zait ausardia diru politika futbolarekin alderatzeagatik, golak sartzeak ez baitu inolako zerikusirik interes tasak igotzearekin. Ala bai?

Realaren modura, Estatu Batuetako ekonomia desorekez eta kontraesanez betea dago. Lehen mailan gol gehien sartzen dituenetakoa da Reala, baina baita gehien jasotzen dituena ere. Estatu Batuetako ekonomia, berriz, sasoi betean da, hazkunde ekonomikoa Europaren inbidia da, langabezia %4,9an du, etabarne kontsumoak ez du ahuldaderik agertzen. Argazki polita, politegia, sakonean hainbat pitzadura ez balitu. Estatubatuarrek ahal dutena baino gehiago gastatzen dute, ez dute aurrezten, zorpetzea gero eta handiagoa da, burbuilak antzematen hasiak dira etxebizitzan eta beste merkatu batzuetan, eta hori gutxi izan gabe, Bushek defizit publikoa arduragabe handitu duÉ Beste edozein herrialde izan balitz, diruak nabarmen galduko luke balioa, baina dolarra dolarra den heinean, kanpoko inbertsiogileek finantzatzen dute zulo handi hori. Nola? Hango enpresetan inbertituta, eta batez ere zor titulu publikoak eta pribatuak erosita.

Zer neurriraino aurrekoak izan dira egoeraren erantzule? Zaila da horri erantzutea. Amorrortuk isil, atzeko atetik utzi du Reala. Alan Greenspan loria handienarekin doa. Diru politikaren magoa, kondaira, orakulua, jainkoaÉ zer epiteto ez dira erabili Greenspan deskribatzeko? Amorrorturi gaizki egindakoak behin eta berriz gogoratu zaizkion bezala, Greenspani ongi egindakoak bakarrik kontuan hartu dizkiote komunikabideek. Realaren esparru txikian zein AEBen jokaleku handian, errealitatea beti da konplexua, baina. Eta Greenspanek gidatutako diru merkearen politikak zerikusi handia izango zuen bada, zorpetzearen handitzean, aurreztea ia desagertzean eta burbuilak sortzean, ez?

Fardel galanta dute biek ala biek. Arkonadak ilusio guztia izango du, eta Bernankek ilusioaz gain, prestakuntza ezinhobea. Baina hori ez da ezer konfiantzarik ez badago. Konfiantza, bai. Futbolean zein diru politikan konfiantza delako arrakastarako giltza.

Futbolariek konfiantza duten heinean irabaziko dituzte partidak, eta AEBak sostengatzen dituzten atzerriko inbertsiogileek konfiantza duten heinean ez du eztanda egingo AEBetan pilatzen ari diren indar telurikoak. Konfiantzarik gabe, partidak kale. Konfiantzarik gabe, dolarra behera, tasak gora, zorpetzean arazo handiak, kontsumoa ziurrenik behera, ekonomia atzera, etxebizitzaren burbuila lehertu litekeÉ kalkulatzekoak oso zailak diren ondorioak, alegia. AEB epizentrotzat duen munduko ekonomia batean hori gertatzen bada, Realaren porrotak baino mingarriagoak izango dira. Ziur. Baita hemen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.