Gora doan oro... ez da urreEta urrea inoizko gehien garestitu den 2008an ikusi da, gainera, gora doan orok duela jaisteko aukera hazkorra. Burtsan, Ibex-35 nahiz Bilbao-2000 indizeek inoizko urterik txarrera izan dute, %40ko jaitsierekin eta izanak izenari segitu dio, errenta aldakorra zergatik esaten zaion argi azalduz.
Bi iruzur ogi hartuta, krisi otarteko galanta jan dute aurten txerritxo ehiztariek. Urtarrilean Societe Generalen zebilen Jerome Kervielek sekulako danbatekoa eragin zuen, %7 pasako jaitsiera egun bakarrean, finantza tresna eratorriekin egindako apustu galtzaileen ondorio. Ogi gogorra.
Abenduan, Madoffen piramide iruzurraren berri jakin zen baina ordurako burtsaren urrezko garaia joana zen. Ogi gogorra baino krisi zorrotzagoa: 15.000 eta 2.500 punturekin abiatutako urtea, 9.000 eta 1.500 punturekin amaitu dute Ibex eta Bilbaok. AEBetako monoline enpresak, subprime-en krisia, inbertsio bankuen hondoratzea, irailak 11tik gertu (15ean) Lehman Brothersen porrota eta, gurean, higiezinen merkatuan izana izenari lerratua: ezin higiezinik mugitu edo salerosi.
Finantza sektoreak eta eraikuntzak gure indizeetan zuen pisu gehigarriaren ondorioz, latzagoa izan da gure indizeen danbatekoa. BBVA eta Santanderrek euren balioaren %45 eta %49 galdu dute; Edurnezurik %29 «baino» ez du galdu eta 75,000 milioiren balioa du oraindik; Santanderrek (53 mila milioi) kapitalizazioaren lidergoa galdu eta BBVArena (32 mila milioi) bereganatu beharko luke Telefonica gainditzeko.
Zer espero edo jakin behar da 2009rako? Milioi bat etxebizitza saldu ezinik daude Espainian; konfiantza higaturik, langabezia gorantz, beraz, higiezin eta bankuen gaineko zalantzak garbiak dira. Krisiak kontsumoa kolpatuko du eta, beraz, nazioartean hedatu diren eta hain ziklikoak ez diren sektoreak izan beharko lukete erakargarrien; Iberdrola, urrutira gabe.
Sektore publikoa eskari iturri nagusi izango den honetan, zerbitzu enpresek hortik etekinak lortzeko aukera handia dago. FCC, Acciona edo Ferrovialek euren balioaren %55 inguru galdu dute jada. Energia sektorean, berrantolaketa egosten ari da; oraingoz, Repsol-YPFk bere balioaren %35 galdu du petrolioa 140 dolarretik 40ra jaitsi den urte honetan. Baina erregaiaren eskaria %10 jaitsi arren, gure petrolio egarriak altutik jarraitzen du.
Zor publikoa ugaritu egingo da defizita medio baina, errentagarritasuna, baxutik mugituko da, interes tasekin bat. Burtsa merke erosi eta garesti saltzean datza. Hortaz, cash flow ugaria (maileguen behar gutxi) edo bermatua lortzeko aukera dutenek pasa beharko luketen ongien urtea; jasotzen dutena euroak badira, hainbat hobe. Gutxi arriskatu nahi dutenentzat, hor dira Air Liquide, Red Electrica, Enagas edo, dibertsifikatuago, CAC, Ibex nahiz Eurostoxx erreplikatzen dituzten funts nahiz ETFak. Emozio bortitzagoak nahi dituenak, unea gorabehera, nonahi topatuko ditu.
ANALISIA. Gora doan oro...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu