ANALISIA. Zulo beltzak zurrupatuta

joxerra senar
2008ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Duela urte eta hilabete hasi zen finantza krisiaren azken biktima da Lehman Brothers. Aurretik, Northern Rock, Bear Sterns, Fannie Mae eta Freddie Mac kolpatu ditu, eta zantzu guztiek erakusten dute zerrenda hori luzatu egin daitekeela. Are gehiago Estatu Batuetako Gobernuak zailtasun handietan diren bankuak salbatzeko iturria itxi egin duela iragarri ostean. Iragarpen horrek kondenatu du Lehman Brothers, eta beste hainbat kondena ditzake. Okerrena etortzeko dago.

Iazko abuztuan, krisia hasi zenean, ordea, udako enbata soil bat baino ez zela ematen zuen. «Aste batzuk iraungo du», zioten askok. Kontu liburuetan galerak eta zenbaki gorriak agertzearekin batera, ordea, asteak hilabete bihurtu dira, eta uneotan amaiera non dagoen ezin da ikusi. Ekaitzaren erdian, datu argigarri bezain sinple bat: subprime arrisku handiko hipoteketan 705.000 milioi euro salerosi ziren, eta azaroan Goldman Sachs bankuak kalkulatzen zuen 300.000 milioi euroren galerak eragingo zituela. Zifra horrek soilik erakusten zuen ez zela krisi txiki bat.

Baina zulo beltza handiagoa da. Kukuak ez baitie oker jo soilik bermerik gabeko jendeari hipotekak saldu eta horiek finantza produktu gisa salerosi dituzten bankuei. Subprime hipoteka deitzen zaie, hain zuzen, Fannie Mae eta Freddie Mac erakundeen irizpideak betetzen ez dituzten maileguei, baina merkatu ziurragoan egonagatik ere, bi erakundeok kiebra joko zuketen duela egun batzuk AEBetako Gobernua haien erreskatera atera izan ez balitz. Gainera, hipotekei itzaleko banku sistemaren beste hainbat finantza produktu gaineratuz gero, uneotan inork ez du esaterik zulo beltz honen benetako tamaina zenbatekoa den.

Krisia ez da orain mamitu. Urte oparoetan beste alde batera begiratu eta itzaleko banka horren mugimenduei kontrolik ezarri ez izanaren ondorioak ikusten ari gara orain. Nahikoa izan da ziurrenik inbertsio banku horien guztien kalkuluetan sartzen ez zen aldagaia -AEBetan etxebizitzen prezioa amildu izana- , ezkutuko mundu horren gordintasuna agertzeko. Bitxia bada dirutzak irabazten zituztenean laissez faire politikaren defendatzaileek zenbakiak gorritzen direnean aita Estatuaren babesa eskatzea. Hori gertatu zen duela sei hilabete. Bear Sternsek kiebra jo zuenean AEBetako Gobernua erreskatera atera zen. Bere jatorrian publikoak ziren Fannie Mae eta Freddie Mac ere Estatuaren altzora itzuli dira orain.

Aurrekari horiek egonagatik ere, ordea, orain Bushen Administrazioak erabaki du ez duela zergadunen diru gehiago erabiliko erakundeok salbatzeko. Gehiegikeriak akziodunek ordaindu beharko dituzte hemendik aurrera. Sortutako finantza zuloa uste baino handiago den seinale?

Lehman Brothers zulora erori da, eta Merrill Lynch ozta-ozta salbatu. «Hurrengoa nor ote?», da orain egiten den beste galdera. Begi asko AIG munduko aseguru talde handiena izandakoari begira daude. Zurrumurruen artean, aipatzen da Erreserba Federalarekin 40.000 milioi dolarreko mailegua negoziatzen ari dela, zorraren baliospena okertzea eragozteko eta porrotetik salbatzeko.

Bekatuak bekatariek soilik ordainduko balituzte egoera ez litzateke kezkatzekoa. Arazoa da konfiantza --ekonomiaren oinarria-- pitzatua dagoela, eta azken egunetako albisteek erakutsi dute hamahiru hilabeteren buruan pitzadura horiek ez direla soldatu. Bankuen arteko mesfidantzak interes tasak igoaraz ditzake berriz; AEBetan eta hemen, Europan. Eta hori ez da ekonomia errealak behar duen pizgarria. Logikoki, zergatiak aztertzea baino gehiago ondorioei aurre egitea dute buruan uneotan banku zentralek. Horren barruan ulertu behar da EBZk finantza sisteman 30.000 milioi euro isuri izana %4,7ko tasan, edota Erreserba Federalak laster tasak jaisteko aukera. Epe luzera, ordea, batek daki zer beste ezusteko izango dugun zain kalearen beste kantoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.