Lan gatazka

Antaliseko 39 langileak kaleratzeko erabakian ez du atzera egin enpresak

Batzarra egin dute Eusko Jaurlaritzan Industria Sailak, Gipuzkoako Diputazioak, langile batzordeak eta zuzendaritzak, baina bilera horrek ez du emaitzarik izan, eta dosierraren kontsulta epea etzi amaituko da.

Antaliseko langileak protestan, gaur, Gasteizen, bilera egin bitartean. BERRIA
xabier martin
2014ko urtarrilaren 7a
18:48
Entzun

"Askoz gehiago espero genuen". Fernando Gordejo Antaliseko langile batzordeko ordezkariak azkar laburtu dio BERRIA-ri Eusko Jaurlaritzan gaur izandako bileraren emaitza. "Ez dira mugitu; ez dute atzera egin". Albizturko (Gipuzkoa) paperaren sektoreko enpresa ixteko borondate irmoa erakutsi dute Antalis Envelopes Manufacturing taldeko ordezkariek Lakuan. Jaurlaritzako Industria Sailarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin batzarturik egon dira lau orduz, baina bilera luze horrek apenas sortu zuen aldaketarik langileen egoeran. "Lan egindako urteko 45 eguneko kalte-ordainak eskaini dituzte, 24 lansariren mugarekin; hori besterik ez dute eskaini. Kontua da 39 familia kalean gaudela kasik".

Abenduaren 4tik greba mugagabean daude Antalisen, enpresa itxi eta 39 beharginak kaleratuko zituztela jakinarazi zietenetik. Dosier horren kontsulta epea abenduaren 18an zen bukatzekoa, baina Lan Ikuskaritzak atzerarazi zuen, besteak beste atzo Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Diputazioarekin bilera egin zedin. Lakuako bilera horrek, ordea, ez du zuzendaritzaren erabakia aldatu, eta etzi bukatuko da modu ofizialean lantokia ixteko erregulazioaren kontsulta epea. Hortik aurrera, edozein momentuan irits daitezke kaleratzeak.

Auzitegiaren bidea berriro

"Aldagai guztiak aztertu behar ditugu, baina oso litekeena da auzitara jotzea", esan du Gordejok (LAB). Hala erabakitzen badute, zuzendaritzak egindako azken eskaintzan atzera egiteko mehatxu egin die; "baina ez dugu askorik galtzeko", erantsi du. Tolosaldean badira berriki enpresa itxiera dela-eta epaitegien bidea egin duten langileak, Zizurkilgo Huyck Wangner Perot ohiarena, adibidez.

Antalis kooperatiba bihurtuko lukeen bideragarritasun plan bat egon da mahai gainean, Gasteizen. Erakundeek lagunduko lukete proiektu hori, langileek konpromisoa hartuko balute; baina, beharginen ustez, "hori oso arriskutsua da, urik dagoen jakin gabe igerilekura botatzea da". Kontua da etziko erantzun bat eman behar dutela, erregulazioaren kontsulta epea amaitu aurretik. Ez du ematen kooperatibaren aukerak aurrera egin dezakeenik. Izan ere, langileen asmo argiena auzitara jotzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.