Ekonomia

Antxoa gazteen biomasa ikusita, aukera handiak kosterari eusteko

Azti Tecnaliak 110.000 tona inguruko biomasa kalkulatu du Bizkaiko Golkoan; azken hamar urteetako batez bestekoa baino %25 apalagoa da kopurua.

Miren Garate.
2013ko abenduaren 16a
15:45
Entzun

2003tik hasita, urtero egin du Azti Tecnaliak Bizkaiko golkoan dagoen antxoa gazteen kopuruaren kalkulua, Juvena kanpaina izenekoa. Irailean egin zuen aurtengo azterketa, eta 110.000 tona inguru kalkulatu zituen, guztiak udaberrian jaioak. Aurreko hamar urteetako batez bestekoa baino apalagoa da kopurua, %25 txikiagoa. Iaz, esaterako, 142.100 tonako kalkulua egin zuen. Hala ere, neguan aurreko urteetan izandakoaren antzeko iraupen tasa izanez gero, datorren urtean ere kosterari eusteko "aukera oso handiak" daudela dio Aztik.

Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) gutxienez 21.000 tonako biomasa galdegiten du arrantza baimentzeko. Udazkeneko datuak Bioman udaberriko kanpaina zientifikoak baieztatu beharko ditu, hura ere Aztik egina; Biomanez gain, Frantziako Ifremer institutuak egiten duen kanpaina akustikoa hartzen du kontuan ICESek kostera onartu edo ez eta zenbateko kuota baimendu erabakitzeko.

Iaz, 9.800 tona antxoa lehorreratu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, eta antxoa kiloak 2,549 euro egin zuen batez beste. "Sendotu egin da freskoan kontsumitzeko zein kontserba industriak hornitzeko hain preziatua den arrain honen presentzia", adierazi du Aztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.