Krisiaren harira sektore publikoko langileei egindako hainbat murrizketa atzera botatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Azken neurria izan da antzinatasunari lotuta zeuden aukera askeko egunak berriro indarrean jartzea, dekretu baten bidez. Gaur eguerdian jakinarazi du erabakia Josu Erkoreka bozeramaileak, Gobernu Kontseiluak egindako bileraren ondoren.
Erkorekak argudiatu du Espainiako Gobernuak onartutako oinarrizko lege batek behartu zituela librantza horiek —canoso ezizenez ezagunak— kentzera. Madrilek egoera aldatuta, murrizketa kentzea erabaki du orain Jaurlaritzak. Guztira, zortzi milioi inguru kostatuko zaiola kalkulatu du. Horietatik diru gehiena (6,5 milioi euro) Osakidetzako langileen ordezkapenak ordaintzeko erabiliko da. Gainerako dirua ertzainek lan egiten duten egun libreak konpentsatzeko baliatuko da.
Erkorekak azaldu du hainbat neurri hartu dituztela azkenaldian sektore publikoko langileen egoera lehengoratzeko: 2012. urtean kendutako aparteko ordainaren laurdena ordaindu izana, 35 lan orduen akordioa berriro indarrean jartzea eta aukera libreko sei eguneko librantzak baimentzea. Hhoriek guztiak finantzatzeko aurten 108 milioi euro jarri ditu gobernuak.