Lan harremanak

Apirilean erregistratutako bost hitzarmenetatik lau Espainiakoak dira

LHKren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %28,2k soilik dute lan itun berritua.

Iker Aranburu.
2016ko ekainaren 1a
07:49
Entzun

Lan harremanak gero eta gehiago Espainian erabakitzen direla egiaztatu du Lan Harremanen Kontseiluko azken txostenak. Haren arabera, apirilean sektorekako lan hitzarmen bakar bat erregistratu zen bere eremuan, Bizkaian hain zuzen ere. Urteko seigarrena da: bost Bizkaian, bat Araban eta bakar bat ere ez Gipuzkoan. Espainian sinatu arren EAEn eragina duten hitzarmen gero eta gehiago daude. Aurten jada 11 izenpetu dira, horietako lau apirilean. Sindikatu abertzaleek lan harremanen estatalizazioa salatu dute, eta CCOO eta UGTk haren aldeko apustu egin dutela ziurtatu.

Espainiako Gobernuak indarrean jarritako lan erreformaren beste ondorioetako bat izan da enpresako lan itunen ugaltzea. Horietako hamahiru erregistratu zituen LHK-k apirilean: hiru Araban, bederatzi Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Aurten dagoeneko 58 izenpetu dira.

Oraintsu arte ez bezala, Espainian sinatu baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina duten lan hitzarmenek soldata igoera handiagoak finkatu dituzte (%1,56) hemen sinatutakoek baino (%1,28). Lanaldian, ordea, aldea kontrakoa da: 1.749 orduko lanaldia urtean estatu eremukoek eta 1.728 EAEkoek.

Langileen %18, hitzarmenik gabe

Apirileko datuekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 155.119 langilek dute lan hitzarmen berritu bat. Itunpeko langileen %28,2 baizik ez dira, baina igoera bat dago 2015 amaieratik, orduan %21 zirelako.

Lan hitzarmena berritzeko dutenak dira talde nagusia, 292.989 langile alegia (%53,3). Ziurgabetasun egoera handiagoa dute gainontzeko 102.053 langileek, (%18,5), haien hitzarmena galduta baitago.

Grebak eta erregulazioak, behera

LHK-k nabarmendu du greba kopuruak "nabarmenki" ari direla jaisten, baina Gipuzkoan lan egin gabeko egunak asko igo direla, errepideko mantenimenduko langileen greba luzearen ondorioz. Urtea hasi denetik lan arloko 51 greba egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 9.564 lan egun galtzea eragin dute, iaz epe honetan baino %12,4 gutxiago. 

Enpresa oso esanguratsuetan arazo larriak izanagatik, behera doaz erregulazio espedienteak ere: 2015ean baino %37,7 langile gutxiagori eragin diete.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.