APUSTU ETXEAK PREST. Hegoaldeko lehen bi apustu etxeak zabaldu dira, Bilbon

Reta aretoak irekitzeko ekitaldiak ikusmina piztu du; Kiroljokoak beste bi gune martxan jarriko ditu bihar Gasteiz eta Eibarren

Ivan Santamaria.
2008ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Kirol emaitzen inguruan trabes egiteko ohitura ez da aurrerantzean gauza bera izango. Hiru urte ugaro dira Eusko Jaurlaritzak apustuak arautzeko dekretua onartu zuenetik, eta atzo, azkenik, lehenbiziko bi apustu etxeak ireki ziren Bilbon. Negozioa ia hutsetik abiatu da, baina aurki Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri eta hiri gehienetara iritsiko dira. Bihar, esaterako, bi saltoki irekiko dira Gasteizen, eta beste bat Eibarren (Gipuzkoa).

Zazpikaleetako bihotzean, Somera kalean, lehenbiziko Reta saltokia irekitzeko ekitaldiak ikusmin handia eta jende ilara batzuk sortu zituen. Izen komertzial hori, Reta, erabiliko du kalera begira EKASA enpresak. Talde hori Euskal Herriko txanpon makinetako ehun bat enpresek osatzen dute. Lasterketa baten gisara, kirol apustuak kudeatzeko baimena eskuratu zuten hiru enpresak nor baino nor aritu dira zabaltzen lehenak izateko, eta EKASAk lortu du.

«Erabiltzaile askok apustu txikiak egingo dituzten negozioa dela uste dugu. Kirol emanaldi bat ikusi nahi duen ororentzat geure aretoak toki atsegina izatea nahi dugu», Jose Bikandi EKASAko zuzendariaren hitzetan. Apustuen giroak sortzen duen mesfidantzari aurre egin nahi izan diote, eta hasieratik «aisialdi eskaintza» dela ziurtatu dute, «zorizko joko gogorra baino gehiago». Aretoetan ere Erresuma Batuko apustu etxe ilun eta lohien irudia ere alde batera utzi dute: gune argitsuak, eta leiho gardenak, kalera begira.

Jokatzeko dirua, mugaturik

Herrizaingo Sailaren araudiak hainbat baldintza ezarri dizkie apustu etxeei. Hala, asko jota enpresa bakoitzak 25 areto propio ireki ahalko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Apustuak tramitatzeko beste aukera bat makinak izango dira. Oro har, taberna ostalaritza guneetan paratuko dira, eta talde bakoitzak 500 tresna jartzeko eskubidea du.

Era berean, gehienezko apustua ere mugatu da: kontra-ordaineko eta elkarrekiko ereduetan 100 euro dira, eta trabesekoetan, 600 euro. Egiten den apustu bakoitzeko %10 ogasunari eman beharko diote enpresek, tasa modura, eta hortik aparte ere Sozietate Zerga ordainduko dute.

Jarduera guztiz berria da, eta EKASAtik nahiago dute oraingoz ez ematea erabiltzaile aurreikuspenik. EHUk enpresarentzat egin zuen azterketa baten arabera, negozioa 700 milioi euro ingurukoa izan liteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, sektore osoa kontuan izanik. Kopuru horren baitan oraingoz debekaturik dauden apustu motak - telefono edo Internet bidezkoak - ere aintzat hartu dituzte.

Urtea amaitu baino lehen EKASAk 11 areto propio zabalik izatea nahi du. Bihar Gasteizen beste saltoki bat irekiko du, Florida kalean, eta heldu den asteartean Donostiako Gros auzokoa prest egongo da. Hiriburuetatik at, Santurtzi, Gernika (Bizkaia), Errenteria eta Pasaian (Gipuzkoa) jarriko dira. Makinak ere aste honetan bertan hasi dira kokatzen. Lehenbiziko egunetan 30 inguru martxan jarriko dituzte, baina 2009a heldu baino lehen guztiak, 500, izango dira.

Emaitzari buruz egiten diren apustu klasikoekin batera, lokaletan jokalariei erronka egingo die etxeak partidak irauten duen bitartean. «Azken finean, ondo pasatzeko tokia izatea nahi dugu. Erronka egin nahi ezkero egin, eta apusturik egin gabe partida ikusi nahi bada, lasai asko egin liteke», zehaztu du Igor Barandiaran marketin arduradunak. Kirol ikuskizun klasikoekin batera - futbola, saskibaloia edo motorra - Euskal Herriko kirolei lehentasuna eman nahi diete. «Ez da soilik lehen mailako futbola egongo, herrietako taldeen emaitzak ere jarriko ditugu aukeran, gertuago egoteko».

Reta proiektua abiatzeko hamazortzi milioi euroko aurrekontua du EKASAk, eta, zeharkako eta zuzeneko enplegua aintzat hartuta, 230 lanpostu sortzea espero du, 2010. urtea bitartean.

Kiroljokoaren estreinaldia

Kiroljokoan ere sistema guztiak martxan jartzeko azken ukituak ematen ari dira. Aspek eta Egursportek eratu duten apustu etxea da Kiroljokoa, eta bihar bertan lehenbiziko bi aretoak irekiko ditu, Gasteizen eta Eibarren. Hurrengo egunetan Irunen eta Tolosan ere (Gipuzkoa) beste bi gehiago abiatuko dituzte.

Bezeroen aldetik «harrera ona» espero dute, Maribel San Jose komunikazio arduradunaren ustez. «Guztiok hitz egiten dugu kirolei buruz, ez dakit zeinek irabaziko duela, edo urliak gola sartuko duela. Azkenean, hori bideratzeko modu bat apustu egitea izango da». Apustu horiek euskaraz egiteko aukera eskainiko dute hala Kiroljokoak nola Retak.

Software eta makinarekin daude harro, batez ere, Kiroljokoan. I68 enpresak sortu zuen propio, eta ekimeneko harribitxia dela uste dute. Aretoak zabaltzen diren neurrian makinak ere tabernetan paratzen hasiko dira.

Zerrendako hirugarrena Victoria da. Kasu horretan, oraindik ez du lortu Eusko Jaurlaritzak sistemari oniritzia ematea, baina irailaren hasieran tramitea gaindituko dute, okerrik izan ezean. Ez dute arazorik espero, dagoeneko oso tresna antzekoak martxan dituztelako Madrilen (Espainia). Garaipen Victoria Apostuak da talde multinazionalen kapitala duen enpresa bakarra. Hain zuzen ere, Erresuma Batuko William Hill eta Espainiako Coderek akzioen bi heren dituzte. Euskal Herriko bazkideak ere badituzte: Gabascar (Bainet eta Asegarce) eta joko aretoetako 27 enpresa.

Enpresa kaleratzeko modua ez da beste enpresen berdina izango. Dagoeneko bazkideek zabalik dituzten joko aretoetan Victoria guneak martxan jarriko dira, 64 hain zuzen ere. Urtea amaitu aurretik, dena den, lokal propio bat gutxienez izan nahi dute. Madrilgo esperientzia lagun, Euskal Herrian arrakasta izango dutela dio Emma Mateos Victoriako ordezkariak. «Badago kultura bat, interesa duen jende multzo bat, eta horrek bidea asko erraztuko digu».





############



Kirol apustuak beste zorizko jokoekin zerikusi gutxi dutela ziurtatu dute enpresek; ludopatiari aurre egiten dioten elkarteek, aldiz, beste arrisku elementu bat izango direla ohartarazi dute.

Kirol zaletasuna edo enegarren tentazioa

I. S. Gasteiz

Kirola pasio handiagorekin bizitzeko bitartekoa direla eta inor ez dela horiekin aberastuko errepikatzen dute behin eta berriro apustu etxeek. Baina, azken finean, trabes egiteko dirua jartzea ezinbesteko elementua da, eta, sosak eta zoria nahasten direnean, menpekotasunak ere sortzen direla ohartarazi dute jokozaleei laguntza eskaintzen dieten elkarteetatik.

«Eskaintza handitzen den neurrian, aukera gehiago daude pertsona batzuk jokoaren menpe geratzeko, hori ukaezina da», Jose Manuel Vildosola Bizkaiko Ekintza-Aluviz elkarteko presidentearen irudiko. Batez ere, kezkagarria iruditzen zaio trabes egiteko makinak tabernetan egotea, edonoren eskura. «Nork kontrolatuko du makina horietan adingabe batek jokatzen ez duela, edo jokoarekin arazoak dituen norbaitek?».

Enpresen ikuspuntua bestelakoa da. Igor Barandiaran EKASAko marketin arduradunaren ustez, euren aretoek ez dituzte apustugile handiak erakarriko. «Ez dira hemen eroso sentituko, ez da sari itzelak eramateko tokia izango». Halaber, jokoaren dinamikak berak menpekotasunari mugak jartzen dizkiola ziurtatu du. Izan ere, jokozaleak bat-batean jokatu eta irabazi egin nahi izaten du, baina kirol apustuetan dema bukatu arte itxaron behar izaten da.

«Kirola elementu nagusia dela asko saltzen ari da, baina ziur nago apustu egingo duten pertsonek, aretoan edo makinaren bidez, jokatzeko grinagatik egingo dutela». Ana Herrezueloren iritzia da, Gasteizko Asajer elkarteko psikologoa. Haren irudiko, kirola «aitzakia» baino ez da izango. «Jokatzeak berak erakartzen ditu pertsona batzuk, zertan ari diren gehiegi axola gabe».

Akordioa Psikologia fakultatearekin

Edonola ere, enpresa guztiek joko arduratsua bultzatzeko konpromisoak azaldu dituzte. Horren haritik, EKASAk akordioa sinatu du EHUko Donostiako Psikologia fakultatearekin. Hala, kirol apustuek izan ditzaketen ondorio txarrei aurre egin nahi diete, eta, era berean, ludopatia ikertzeko lan taldea eratuko dute. «Adi gaude, eta alerta guztiak prest izango ditugu», Barandiaranen hitzetan.

Kiroljokoan ere antzeko argudioak eman dituzte. «Jakin badakigu akaso pertsona batzuek geure zerbitzuak desegoki erabiliko dituztela», onartu du Maribel San Jose komunikazio arduradunak. Egoera horiek garaiz atzeman eta konponbideak bilatzeko, aretoetan dauden langileak trebatuko dituzte.

Herrizaingo Sailaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, gainera, enpresa bakoitzaren barne sistemak ikuskatzeko eskumena izango du, eta, menpekotasun kasuak daudela sumatuz gero, esku-hartzea posible izango du.

Lehen kasuak interneten

Apustuak egiteko aretoak berritasuna dira Euskal Herrian. Martxan jarriko den formatua, ordea, aurretik ere zabaldu da, legez kanpo egon arren Internet bidez jokatzeko aukera egon delako, arazo handirik gabe. Hala Ekintza-Aluvizetik nola Asajerretik azpimarratu dute sarean eginiko jokoak eragindako menpekotasun kasuak iritsi zaizkiela. «Kirol apustuetan euren diru eta denbora guztia xahutu duten pertsonak ikusi ditugu dagoeneko», zehaztu du Vildosolak.

Bi elkarteak administrazio publikoarekin kritikoak dira. Jokoaren ondorio txarrei aurre egiteko borondate gutxi dagoela iruditzen zaie. Ekintza-Aluvizeko presidenteak, esaterako, Hezkuntza edo Osasun departamenduen presentziarik eza sumatzen du jokoari buruz erabakiak hartu behar direnean. «Hezkuntza ezinbestekoa da, apustuak zer diren eta apustuek dituzten arriskuak azaldu behar zaizkielako adingabeei. Eta, ludopatia gaixotasuna den neurrian, osasun arloak ere zeresana izan beharko luke».

Jokozaleekin begirune gutxi egon dela uste du Herrezuelok. «Apustu tresnak orain jarriko dizkigute, duela hogei urte txanpon makinak jarri zituzten bezala. Kalera atera eta ez zuten jendea informatu, eta bistan da jende piloak galdu duela horien kontrola».





############





Hiru enpresa lehian bezeroak erakartzeko

RETA

Enpresa: Euskal Kirol Apustuak (EKASA).

Bazkideak: Euskal Herriko txanpon makinetako ehun enpresa txiki eta ertain.

Inbertsioa: 18 milioi euro.

Lanpostuak: 130 langile, eta zeharkako beste ehun lanpostu.

Proiektuaren garapena: Bilboko bi aretoen ondotik, bihar Gasteizko Florida kalean irekiko du, eta irailaren 2an, Donostian.

VICTORIA

Enpresa: Garaipen Victoria Apostuak.

Bazkideak: William Hill eta Codere %67; Gabascar (Asegarce eta Bainet) %13; eta EHko joko pribatuko 27 enpresa (%20).

Inbertsioa: 31,6 milioi euro.

Lanpostuak: 205 langile.

Proiektuaren garapena: Euskal Herriko bazkideen 64 joko areto eta kasinoetan irailetik aurrera Victoria guneak jarriko dituzte.





KIROLJOKOA

Enpresa: Teleapostuak.

Bazkideak: Aspe pilota enpresa eta Egursport (herri kirolak).

Inbertsioa: 13,5 milioi euro.

Lanpostuak: 133 langile, zuzenekoak.

Proiektuaren garapena: Bihar, arratsaldeko 19:00etan, lehen lokalak irekiko ditu Gasteizen eta Eibarren. Aurki irekiko ditu Tolosakoa eta Irunekoa.





############



Internet bidezko kirol apustuak, oraindik zintzilik

Eusko Jaurlaritzak 2005eko apirilean onartu zuen apustuak arautzeko dekretua. Haatik, Internet bidezko jokoaren kudeaketa ez zen agiri horretan zehaztu, eta gobernuak arlo horren etorkizuna oraindik ere ez du argitu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baimena jaso duten hiru enpresek prest dituzte Internet edo sakelako telefonoen bidez trabes egiteko sistemak, baina erabakiaren zain daude oraindik ere. Espainiako Gobernua hasi da erkidegoekin negoziatzen, esparru juridiko oso bat prestatzeko. Bien bitartean, milaka jokalarik atzerriko web orrialdeetan apustu egiten jarraitzen dute, legezkoa ez izan arren, traba juridiko eta burokratiko gutxi dituen praktika baita.





############



Erabiltzaile askok apustu txikiak egingo dituzten negozioa izango dela uste dugu»

Jose Bikandi
EKASAko zuzendaria
«Guztiok kirolaz esaten duguna bideratzeko bidea baino ez dira izango apustuak»

Maribel San Jose
Kiroljokoako komunikazio arduraduna
«Hemen badago kultura bat, interesa duen jende multzo bat, eta horrek bidea erraztuko digu»

emma mateos
Victoria apustu etxeko ordezkaria



############



Eskaintza handitzeak menpekotasunak egoteko aukera gehiago ematen ditu»

Jose Manuel Vildosola
Ekintza-Aluviz elkarteko presidentea
«Jendeak jokatzeko grinagatik egingo du apustu, eta ez kirolarengatik»

ana herrezuelo
Asajer elkarteko psikologoa



############



75

Apustu egiteko lokalak. Eusko Jaurlaritzak kirol apustu-etxeak arautzeko dekretuaren arabera, baimena duen talde bakoitzak 25 saltoki ireki ahalko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Era berean, tabernetan eta antzekoetan trabes egiteko 500 makina paratu ahalko dituzte.





############



1.735

Zorizko jokoen zale. Dirua jokatzeko beste hainbat aukeren aurka lehiatu beharko dute apustu etxeek. Hegoaldean, esaterako, 1.735 milioi euro jokatu ziren joan den urtean, kasinoak, bingoak, txanpon makinak, loteriak eta antzekoak aintzat hartuta.





############



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.