Eustat Euskal Estatistika Institutuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu du gaur goizean. Horren arabera, ekonomiak %0,5 egin zuen atzera 2013. urteko lehen hiru hilabeteetan. Aurreko bi hiruhilekoetan jaitsiera berdina izan zuen. Nafarroako Estistika Erakundeak azaldu zuen herriualde horretan %0,6 jaitsi zela.
Atzeraldia hobeto islatzen da urte batetik besterako datuan. Azken urtean EAEko barne produktu gordina %1,9 uzkurtu da. Bigarren atzeraldia hasi zenetik emaitzarik txarrena da. Nafarroan, berriz, erorketa %1,7 izan da. Ekonomia zikloaren punturik ahulenean dagoela defendatu dute Eusko Jaurlaritzako azterketek. Aurtengo lehen sei hilekoan ondoa jo, eta apurka hobekuntza hasiko dela diote aurreikuspenek.
Datorren astean kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratuko ditu Eustatek. Aurrerapenean, dena den, hainbat datu azaldu ditu. Urte arteko tasan sektore guztien ekarpena jaitsi da, baina industria aurreko hiru hiruhilekoan baino gutxiago erori da. Enpleguari dagokionez, lanpostu galerak aurrera jarraitzen du, hala hiruhilabete batetik bestera (-%0,7), nola aurreko urtearekin alderatuz (-%2,7).