Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eraikinetan 260.000 tona amianto daude oraindik

Eraberritze obretan amiantorik dagoen detektatzeko sistema bat proposatu die Osalanek udalei

Asviamiek eta LABek, atzo, Bilbon, egindako protesta. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Miren Garate.
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
2001. urteaz geroztik debekatuta dago amiantoaren erabilera. Alabaina, oraindik ere nonahi aurki daitezke haren arrastoak. Osalanek egindako txosten baten arabera, 260.000 tona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa, etxebizitza eta eraikin publikoetan. Gaixotasun gehiago saihesteko, material hori kentzearen garrantzia nabarmendu du. Horretarako detekzio sistema bat jartzeko proposatu die Osalanek udalei, eraberritze lana egiteko lizentziak eskatzen direnean, obra horietan amiantorik dagoen ala ez ikustea alegia.

Amiantoari buruzko jardunaldiak egin ziren atzo Bilbon, eta han aurkeztu zuen txostenaren zati bat Osalanek —datorren astean azalduko du osoa—. Gaur egun amiantoarekin lan egin duten langileen borondatezko erregistro bat dago. 5.719 langileren kasuak biltzen ditu, eta haietatik 4.254 erretiratuta daude dagoeneko. Halaber, minerala erabili duten 244 enpresa ageri dira erregistroan.

Langile horiek Osakidetzaren arreta espezializatura zuzenean bideratzeko aukera ari da aztertzen Osalan. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin hitzarmena ere sinatu du, amiantoaren eraginpean egon diren langileen lan kontingentziak zehazteko beharrezkoa den informazio guztia emateko, «eta kasuan-kasuan behar diren desgaitasunak, aldi baterakoak zein iraunkorrak zehazteko».

Prebentzioari dagokionez, udaletako detekzio sistemaz gain, udal teknikariei prestakuntza emateko prest agertu da Osalan. Gaur egun, herritar askok amiantoa duten materialak euren kasa kentzea erabakitzen dutela aitortu du Pilar Collantes Osalaneko zuzendariak, «horretarako espezializatutako enpresen kostu handia saihesteko». Legez kanpoko amianto kentzeak kontrolatzeko Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen arteko akordioa proposatu du.

Gaixotutako langileei eman beharreko konpentsazioen erantzule Administrazioak egin behar duela gaineratu du Jose Antonio Vazquez Osalaneko zuzendari ordeak. «Amiantoaren erabileraren debekua Europara baino geroago iritsi zen, eta ez da justua orduan legez ari ziren enpresei kalte-ordainak eskatzea orain». Halaber, amiantoa erabili zuten enpresa asko eta asko itxita daudela dagoeneko gogoratu du.

Konpentsazio funtsa

Datorren astean Legebiltzarrean aurkeztuko dute osoki txostena, eta kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzeari buruz ere eztabaidatuko da. Funts hori sortzeko eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteko kideek.

LABek ere egin zuen protesta, Amiantoaren egia ezkutatzen duzue lelopean. «Administrazio publikoek egiten dutena hutsaren hurrena da, eta ez dira zorrotzak amiantoaren inguruko legeria indarrean jartzerakoan. Gaixotasun profesionalen erregistro ofizialean, ez da onartu kalte bakarra amiantoarekin harremana izateagatik», salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.