Greba jardunaldiaren tentsioak eztanda egin zuen sindikatuek eguerdian deitutako manifestazioan. Jendetsua izan zen, eta Ertzaintza hainbat aldiz oldartu zitzaien mobilizazioan parte hartzen ari ziren milaka pertsonei; gainera, emakume bat atxilotu zuen. Oldarraldian, halaber, zenbait lagun zauritu zituen poliziak. Ertzainek egun osoan izandako jarrera salatu zuten sindikatuek.
Deialdiak izandako oihartzunari buruzko datu kontrajarriak eman zituzten antolatzaileek, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak, ohi bezala. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruren arabera, enpresen ia erdietan, langileen %70ek edo gehiagok bat egin zuten lanuztearekin.
Ordea, prentsa ohar baten bidez, SEA Arabako enpresaburuen elkarteak ziurtatu zuen lanuztea «porrot erabatekoa» izan zela eta %8koa izan zela erantzuna herrialde osoan. SEAren arabera, «azken deialdietako bakar batek ere ez du justifikaziorik izan». Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak, berriz, Arabako langileen %13k greba egin zutela adierazi zuen.
Goizaldetik aritu ziren grebalariak deialdia zabaltzen, piketeen bidez. Besteak beste, Mercedes-Benzeko lantegiaren parean protesta egin zuten sindikatuek. Istiluak izan ziren Gasteizko Boulevard merkataritza gunearen ondoan informazioa banatzen ari zen piketearen eta ertzainen artean. El Corte Ingles saltokiaren parean protestan ari ziren ESK-ko grebalariek ere ika-mika izan zuten ertzainekin, baina saltokiaren ondoan egoteko eskubidea zutela aitortu zieten azkenean. Herrizaingo Sailak gutxienez sei lagun identifikatu zituen goizaren joanean, eta desordena publikoak egotziko dizkie.
Arabako beste herri batzuetan ere izan ziren identifikazioak eta istiluak ertzainen eta grebalarien artean. Agurainen, esate baterako, piketeak identifikatuarazi zituen Ertzaintzak, ustez irekita zegoen okindegi bati arrautzak jaurti zizkiotelako. Bestalde, goizeko zazpietan, sabotaje batek Urduña eta Amurrio arteko trenbidea gerarazi zuen ia bi orduan.
Jende asko manifestazioan
Istiluak istilu, sindikatuek indar erakustaldia egin zuten mobilizazioekin. Bilbo plazatik hasita, erditik zeharkatu zuen martxak Gasteiz, eta milaka lagun elkartu zituen. Mobilizazioa gerturatu ahala, saltoki eta negozio gehienek pertsianak itxi zituzten. Poliziaren esku-hartzeak giroa berotu zuen, nahiz hotz handia egin goizean. «Polizia hiltzailea» eta «polizia gutxiago, enplegu gehiago»ozen entzun ziren orduan.
Greba orokorra. Herrialdeak
Araba Poliziaren oldarra mobilizazio jendetsuen aurka
Parte-hartzearekin pozik geratu dira sindikatuak, baina «erabateko porrota» ikusi du SEA patronalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu