Zorraren krisia

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak soberakina dute

Nafarroak BPGaren %0,06ko defizitarekin bukatu du iraila; %1,3ko helburura iristeko arazorik ez dute izango

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak BPG barne produktu gordinaren %0,60aren pareko zerga soberakina zuten irailaren bukaeran, alegia, diru sarrerak baino gastu gutxiago izan dituztela. Elena Salgado Espainiako jarduneko Ekonomia ministroaren hitzetan, «Euskadi izan da zergetan soberakina duen autonomia erkidego bakarra». Nafarroak ere nabarmen hobetu ditu bigarren hiruhilekoko emaitzak; BPGaren %0,06aren pareko defizitarekin bukatu zuen iraila. Ikusteke dago, ordea, nola bukatzen duten urtea, hirugarren hiruhilekoa soberakinarekin ixteak ez baitu esan nahi urtea hala bukatuko duenik.

Salgadoren esanetan, Espainiako autonomia erkidegoek 12.873,78 milioi euroren defizita pilatu dute urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Bigarren hiruhilekotik hirugarrengora, baina, administrazioen diru sarrerek bilakaera ona izan dutela zehaztu zuen, defizita %1,21 murriztu dutelako. «Soilik hirugarren hiruhilekoko datuak kontuan hartuz gero, 192 milioiko soberakina pilatu dute autonomia erkidegoek». Gainera, uztailetik irailera arteko datuei bakarrik kontuan hartuta, hamar autonomia erkidegok superabita izan zutela azaldu zuen.

Emaitzokin, erkidegoen kontuak zuzentzeko hartutako neurrien arrakasta bistan gelditu dela esan zuen jarduneko Ekonomia ministroak. Defizita BPGaren %1,3ra mugatzeko helburua erkidego gehienek bete dutela baieztatu zuen eta seik bakarrik gainditzen dute muga. Erkidegoek defizita murrizteko sekulako ahalegina egin dutela nabarmendu zuen Salgadok, eta datuak direla horren frogarik onena. Jarritako mugaren gainetik dabiltzan erkidegoei, baina, azken ahalegin bat eskatu zien, hitz emandako betetzeko. «Badut helburua beteko duten konfiantza. Administrazio zentralak beteko du jarritako helburua eta erkidegoek ere bete behar lukete».

Emaitzak egindako aurreikuspenekin bat datozela ikusi ostean, ziurtatu zuen Madrilek ez duela defizita BPGaren %6ra mugatzeko murrizketa neurri gehiago hartu beharrik izango. «Neurri osagarriak hartzeak ez luke zentzurik izango, jarritako helburua aise beteko dugulako».

Gaztela Mantxa eta Murtzia dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan defizit handiena pilatu duen Espainiako bi autonomia erkidegoak, BPGaren %4,84koa eta%3,03koa hurrenez hurren. Valentzia, Extremadura, Asturias eta Katalunia, berriz, %1,3ko mugaren gainetik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.