Arabako Batzar Nagusiek gaur hartu dute erabakia. Enpresa berrien sorrera bultzatzeko hartu zen neurria hasiera batean, eta Araban 70 enpresak baliatzen zuten formula hori.
Bilduk aurkeztutako mozioa da, eta PSE-EE eta EBren aldeko botoak izan ditu; EAJ eta PPren abstenitu egin dira.
Bizkaiak oraindik enpresak sustatzeko elkarteei eusten die. Gipuzkoan, aldiz, iazko udaz geroztik 30 sozietatek utzi zuten erregimen berezi hori. Haien artean dago Nadal tenislariarena. Hainbat urtez, Nadalek Donostian espresuki sortutako sozietate batzuetara bideratu zuen iragarkien edo bere irudia ustiatzeko beste modu batzuen bidez lortutako diruaren zati bat.
Enpresak sustatzeko sozietateen erregimen bereziari esker, oso zerga gutxi pagatu zituen: Aspemir izenekoak, 2010ean 19,8 milioi irabazi arren, 10.319 euroren zergak baizik ez zituen ordaindu. Espainiako Ogasunak, ostera, Nadal harrapatu, eta irabazi guztiak Balear Uharteetako bere bizilekuan deklaratzera eta zorrak kitatzera behartu zuen.